XIX mendeko bi txanpon agertu dira San Martzialen

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko uzt. 6a, 11:05
San Martzialgo ermitaren atean agertu dira, sarrailaren ondoan. Hamar zentimoko txanponak dira, lehengo 'txakur handiak'.

XIX. mendeko bi txanpon aurkitu dituzte San Martzialgo ermitan, bigarrena domekan, San Martzial egunean. Txanpon biak toki beran aurkitu dituzte, ermitaren ate nagusiaren sarrailaren ondoan.
 
Lehenengo txanpona duela hiru hilabete inguru topatu zuten. "Joan den udan ermitako atea apurtu zuten eta atea konpontzen ari ginela topatu genuen. Sarrailaren ondoan zegoen", dio Juan Kruz Mendizabalek, Santa Marinako parrokoak. "Ermitak leihatila bat du kanpotik barrua ikusteko. Leihatila horren beheko aldean itsulapiko antzerako bat egongo zen lehen, jendeak borondatea botatzeko. Txanpon horiek ere itsulapiko horretan sartu nahiko zituen norbaitek, baina deskuidoz, bitarteko bidea hartu eta sarrailaren ondoraino heldu dira", jarraitu du Mendizabalek. Bigarren txanpona domekan aurkitu zuten. "Istorio hori ari nintzaion kontatzen lagun bati eta non aurkitu genuen azaldu nionean, hara non agertu zen bigarren txanpona", azaldu du elizgizonak.

Sarrailaren ondoan

Atea apurtu zutenean, konpontzea erabaki zuen Juan Kruz Mendizabalek. Gaztainazkoa da atea eta egindako kaltea handia zenez, garestia iruditu zitzaion konponketaren aurrekontua. "Horregatik pentsatu genuen auzolanean konpontzea apurtutakoa. Atearen sarraila nolakoa zen aztertzen hasi ginen, eta funtzionamendua deskubritzen genbiltzala ikusi genuen txanpon bat zegoela han. Bigarrena ere toki berean aurkitu dugu eta pentsatzen dugu pertsona berak botatakoak direla", dio Santa Marinako parrokoak. Txanpon biak gordeta ditu orain elizgizonak.
 
Ateari dagokionez, indartu eta babestu egin zuten. Sarraila eta giltza lehengoak jarri dituzte berriro. Ermitako giltza betiko tokian dago Askatzu baserrian.

Bi 'txakur handi'

Aurkitutako bi txanponak Alfontso XII erregearen sasoikoak dira, 1878 urtekoak. Hamar zentimokoak dira biak: garai bateko txakur handiak.
Numismatikoki ze balore izan ditzaketen ere ikertu dute baina ez ei dute balio handirik: "ez dira ez urrezkoak ezta zilarrezkoak, kobrezkoak dira. Egun bost eta 10 euroren arteko balioa dute", dio Juan Kruz Mendizabalek. Bat bestea baino hondatuago egon arren, Mendizabalek uste du pertsona berak botako zituela txanponak ermitara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak