Victoriano Gallastegi: "Zorpetze maila ia erdira jaitsi genuen 91etik"

Edu Mendibil 2007ko aza. 16a, 11:44
Victoriano Gallastegi Bergarako alkate ohiak prentsaurrekoa eman zuen eguaztenean, EAEko zinegotziek aurreko agintaldiko udal gobernuari egindako kritiken aurrean.

Besteak beste, planifikazio eta ikuspegi falta leporatu zion Agurne Barruso alkateak aurreko udal gobernuari. Horren aurrean hauxe adierazi zuen Victoriano Gallastegik eguaztenean, kultura etxean: "Gure planifikazioa, agintaldi guztietan, Bergarak zituen behar handietara egokitutakoa zen: aparkalekuak, industri eremuak, etxebizitzak, Mizpirualde egoitza, zinema aretoa izango zuen auditorioa, liburutegia, urbanizazioak, lur azpiko garajeak, hezkuntzarako azpiegiturak, ekipamenduak eta beste hainbat. Ikusteko dago zer-nolako planifikazioa aurkezten digun udal gobernu berriak". Agurne Barrusok proiektu "faraonikoak" bultzatu izana kritikatu zuen, baina bestelako iritzia du Gallastegik: "Proiektu guztien finantzaketa planifikatu izan da aurretik eta zegokion batzordean adostutako egitasmoak izan dira".

Zorpetze maila jaitsi

Herentzian hainbat arazo jaso dituztela kexu zen aurrekoan Barruso alkatea, eta horren adierazle eskolen azpiegiturarekin gertatutakoa ekarri zuen gogora. Gallastegik honela erantzun zion: "Negoziazio guztiak oso aurreratu ziren, amaitzea besterik ez zen falta. Eta [Barrusok] bere gobernuan du hezkuntza batzordeko ardura izan zuen pertsona [Iñigo Iñurrategi]".

Era berean, Udalaren zorpetze maila handia dela azpimarratu zuten EAEko zinegotziek. Victorianoren arabera, bera alkatetzara iritsitakoan, 1991n, zorpetzea %22,9 zen eta 2007an %12,4. Ia erdia jaitsi da zorpetze maila. Urtero izan dugu zorpetze maila jaisteko helburua".

Eta gestio "presidentzialista" eraman izanaren akusazioaren aurrean zera esan zuen Gallastegik: "Lehen esandako moduan proiektuak batzorde ezberdinetan adostutakoak ziren eta aktak irakurtzea besterik ez dago aho batez edo gehiengo batez onartuak izan direla ikusteko. Presidentzialista izatea da hori?".

Gallastegik demagogia politikoa egitea leporatu zien EAEko kideei: "Gure herriaren etorkizuna gestionatzeaz arduratzeko. Nahiz eta euren gestio sistemarekin bat ez etorri, ez dut kritikatu, baina operatiboak izan daitezela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak