Uraren garrantzia lantzen ari dira eskoletan

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mar. 9a, 17:25
Herriko bost ikastetxeak eskolak eurak eta baita herria ere iraunkortasunerantz bideratzen saiatzen ari dira, Eskolako Agenda 21 programaren bitartez. Aurreko urteetan ingurumenarekin lotutako hainbat gai landu eta gero, 2008-09 ikasturtean dihardute ura aztertzen; iaz ere ura landu zuten.

Programaren helburua da eskolek eurenganatzea ingurumenarekiko kontzientzia eta ohiturak, herria geroago eta iraunkorrago bilakatzen laguntzeko.

Mariaren Lagundiak, San Martin herri eskolak, Aranzadi ikastolak, Ipintza institutuak eta Miguel Altuna lanbide heziketa zentroak dihardute horretan. Hortaz, haur hezkuntzatik hasi eta batxiler eta goi mailako heziketa arteko ikasleak arituko dira lanean, ekintza plan bat egiteko.

Diagnostikoa

Iazko ikasturtean hasi ziren ura lantzen eta oraingo ikasturtean jarraipena emango diote. 
Herriko diagnostikoa egiten dihardute egun ikasleek. Hori egiteko zenbait urrats emango dute: txikienek, Blai izeneko pertsonaiaren bitartez uraren erabilera ohiturak, uraren zikloa... aztertuko dituzte. 11-14 urte artekoek, errekaren azterketa egingo dute. Iaz ere egin zuten eta iazko balioak aurtengoekin alderatuko dituzte. Horrekin batera herriko ur-ordainagiria aztertuko dute egokia den ala ez baloratuz eta herritarren ohiturak batzeko galdetegia egingo dute. 14-17 urte bitarteko gazteek, berriz, udal instalazioak ikuskatuko dituzte eta herrian erabilgarri diren euri uren kalkulua egingo dute. Azkenik, Miguel Altunako ikasleek industriak errekako egoeran duen eragina landuko dute.

Programaren barruan Udalera ere jo zuten iaz ikasleek. Herriko iturriak konpontzeko eta euri urak aprobetxatzeko eskaria egin zuten. Bada, aurten, horren jarraipena ere egingo dute eta Udalari hobetzeko proposamenak luzatuko dizkiete herri iraunkorragoa lortzeko bidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak