Ura zaintzeko proposamenak egin dizkiete ikasleek alkateari eta Ingurumen sailari

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko mai. 28a, 12:18

Proposamenak entzun eta gero Udalak agindu die Uraren Astea antolatuko duela irailean

Aurreko eguaztenean batzartu egin ziren herriko ikastetxeetako –San Martin, Aranzadi, Mariaren Lagundia, Ipintza eta Miguel Altuna– ikasleak eta Udal ordezkariak, alkate eta Ingurumen zerbitzuko ordezkariak, hain justu ere.
Azken lau urteetan Eskola Agenda 21 programan murgilduta daude ikasleok eta ikasturtea bukatzear dagoenez, egindako lanaren berri ematera joan ziren. 80 ikasle inguru batzartu ziren Agurne Barruso alkatearekin eta Ingurumen zerbitzuko ordezkariekin eta egindako lanaren berri emateaz gain, ura zaintzeko proposamenak ere egin zizkieten.

Azterketa sakona

Ura da Eskola Agenda 21en barruan ikasleek aurten lantzen jardun duten gaia –iaz ekin zioten gai horri–. Hala, herrian uraren egoera nolakoa den aztertu dute, uraren zein erabilera egiten den, nola kudeatzen den eraikin publikoetan eta baita erreka zein egoeratan dagoen ere.
Horrez gain, herriko iturriak ere aztertu dituzte eta baita uraren fakturak eta herrialdekako plubiometria landu ere. 
Herriko diagnostiko horretatik hainbat datu aipagarri atera dituzte ikasleek. Esaterako, jabetu dira iturriek ura oso fuerte botatzen dutela eta hainbat apurtuta daudela. Udal instalazioei dagokionez, Agorrosinera egindako bisitaldian jabetu ziren, besteak beste, ur edangarria erabiltzen dela instalazio osoan. Eta prezipitazioen kasuan, egiten duen euri guztiarekin, ur hori aprobetxatzen ez dela ere ikusi dute

Udalaren erantzuna

Diagnostikoa zein Udalarendako proposamen zerrenda buletin baten jaso dute ikasleek eta Udal ordezkariei banatu zieten eguazteneko batzarrean.
Udal ordezkariek adi entzun zituzten ikasleen azalpenak eta erantzun gisa esan zien irailean Uraren Astea antolatuko dutela. Eta gehitu zuten aste horren baitan banatuko dutela etxeetan ura aurrezteko sistemen gaineko informazioa, hitzaldiak antolatuko dituztela eta erreka garbitzera joateko eguna ere deituko dutela.

Egindako proposamenak

Kanpainak
> Etxeetan ura aurrezteko dosifikatzaileak banatzea.
> Hitzaldiak eta erakusketak egitea.
> Ingurumenaren gaineko aldizkaria kaleratzea.

Iturriak
> Sentsoredun iturriak jartzea.
> Toki publikoetako iturrien tenporizadoreak erregulatu denbora gutxituz, eta ez dutenei, jarri.

Errekak
> Erreka inguruan zakarrontzi gehiago jarri.
> Erreka ondoan txabolak egitea debekatu.
> Hilero erreka aztertu.

Besteak
> Igerilekuan egunero berritzen den ura futbol zelaia ureztatzeko erabiltzeaz gain, beste gauza batzuetarako ere erabiltzea.
> Euri ura jasotzeko biltegiak egitea.
> Zubiaurre kaleko hodiak konpontzea.
> Estolderiak garbi mantentzea eta araztegira hondakin gutxiago iristeko zulo txikiagoak jartzea posible den aztertzea.
> Langileek ez dezatela ura alperrik gastatu. Eredu izan daitezela.
> Euri ura berreskuratzeko sistemaren bat jartzea eta herria garbitzeko erabiltzea.
> Udalak uraren berrerabilpenean gehiago inbertitzea.
> Gastatzeko ur kopurua jartzea eta pasatzen denari isuna ipintzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak