UNED eta Udal Gobernuaren iritziak, Martinez de Iralako eraikinaren gainean

Txomin Madina Milikua 2007ko ira. 20a, 19:33
Martinez de Irala eraikinaren erabilera dela eta sortu diren desadostasunen inguruan beste bi alderen ikuspuntuak jaso ditugu: UNEDetik, Errege Mintegiaren lagapenaren inguruko azalpenak eman dituzte; Bergarako Udal Gobernuak, bere aldetik, argi utzi nahi izan du Martinez de Iralaren kudeaketa ez dela bere eskumenekoa.

UNED-Bergara

UNED-Bergara fundazioko errektore patronatu berriak udal hauteskundeak egin osteko lehen bilera egin zuen eguaztenean, eta bertan, kide berriak eta euren karguak zehaztu zituzten. Hala, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izango da patronatuko lehendakaria hemendik aurrera, eta lehendakariordea, Agurne Barruso Bergarako alkatea. Maria jesus Aranburu kultur diputatua ere patronatuko kide izango da, eta Luis Elizegi idazkaria.
 
Lehen bileraren ostean, Juan Jose Alvarez UNED-Bergarako zuzendariak prentsaurrekoa eskaini zuen, Errege Mintegiaren lagapenaren inguruan azken aldian gertatu diren gorabeherei buruz azalpenak emateko.
 
Azaldu zuen, UNED-Bergarak lagapena bi alderdiri luzatu ziela: batetik, Bergarako Udalari, eta bestetik Aranzadi ikastolari. Esan zuen, udalarekin lagapen akordioa guztiz itxita dagoela, baina ez dela berdina gertatzen Aranzadirekin. Izan ere, akordioa guztiz finkatzeko, ikastolak Martinez de Irala eraikina uzteko konpromezua hartu beharko du, eta momentuz, ez daude ados.
 
Alvarezek gaineratu zuen, momentu honetan baldintza hori  ez onartzeak lagapena zailtzen duela, eta horrek eragotzi egiten dituela Errege Seminarioan egin beharreko lanak. Beraz, eta UNED-Bergaratik oraindik ere ikastolarekin akordio baterako heltzeko nahia eta itxaropena azaldu badute ere, hau gehiegi luzatuz gero, lagapenaren haserako planteamendua berriz ere aztertu beharko litzake.
 
Gauzak horrela, Alvarezek esan zuen patronatuaren nahia dela udazkenean zehar Errege Seminarioaren ondare egoera zehaztuta izatea.

Udal gobernua

Bergarako udal gobernua osatzen duten Eusko Abertzale Ekintza eta Aralarreko zinegotziek ere San martin Agirre eta Aranzadi ikastolaren arteko aferaren inguruan agerraldia egin zuten.
 
Udal gobernuak esan zuen ekainaren erdialdetik arazo honetan inplikatutako eragileen iritziak jaso eta gaiaren inguruko informazioa biltzen ibili dela, eta alde ezberdinekin bilerak egin ostean, hainbat ondorio atera dituztela udal gobernuko kideek.
 
Gauzak horrela, azaldu dute gaiaren inguruan lan egiteko udalak dituen baliabide material eta humano guztiak jartzeko prest agertu dela, eta aurrerantzean ere  agertuko dela. Argi utzi nahi izan zuten Martinez de Iralaren erabilera eta kudeaketa udalari dagokiola uste duena, oker dabilela.
 
Azpimarratu zuten, era berean, Martinez de Iralaren erabilera arautu eta exekutatzea, hezkuntza sailari dagokiola. Hala ere, konponbide adostu baten alde, hezkuntza sailarekin eta gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko prest agertu ziren, beti ere zenbait baldintza errepestatuz: hala nola udalaren eskumena eta erantzunkizuna argi geratzea, aldebiko bilerak beharrean alde guztien arteko bilerak hobestea, eta beti ere udalaren borondatea beti era egokian erabiliz.
 
Bukatzeko, inplikatutako alde guztiei hika mikak alde batera uzteko, eta berriz ere mahai baten inguruan hizketan hasteko gonbitea luzatu die udal gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak