Udalbatzarrak 31.163.198 euroko aurrekontu osoa onartu du

Monika Belastegi Aranzabal 2008ko ots. 27a, 09:48
Astelehenean 2008ko aurrekontuak onartu zituzten osoko bilkuran. Aurrekontuok onartu ziren Eusko Abertzale Ekintza eta Aralarren aldeko bederatzi botoekin, EAJ eta PSE-EE alderdien kontrako sei botoekin eta EAko zinegotziaren abstentzioarekin.

Aurrekontu bateratua 31.163.198,50 eurokoa da,  2007koa baino %8,8 handiagoa. Kopuru horretatik Udalari dagozkio 27.684.300  euro; Udal euskaltegiari 549.274 euro; Mizpirualde zaharren egoitzari 3.971.611,50 eta Bihargintza SAri, 1.686.000 euro.

Horren ordez azaldu beharko litzateke: Inbertsiotara bideratutako kopurua, 7.349.360 euro dira eta zorra, berriz, %12,41ekoa da –2007 urtea likidatu gabeko datua–. Iaz, %12,40koa izan zen zorra.

Kaleko giroa berpiztu nahian

Aitor Goiti Hazienda Saileko batzordeburuak azaldutakoaren arabera, aurrekontuak prestatzerakoan gobernu taldearen kezketako bat izan da –eta izaten jarraitzen du– gastu orokorra kontrolatzea. Horregatik, "nahiz eta aurten sarrera orokorra %10,4 igo den, gure gastua %6,3 igo da", azaldu du.

Bestalde, Goitik azpimarratu du kultura ekitaldiak eta jaiak nabarmendu nahi izan dituztela, aurrekontuetan, "kaleko giroari bizitasun handiagoa" eman nahi diotelako eta baita auzoak ere. Hori horrela, kultura ekitaldiak eta jaiak kontzeptuetarako partidak %18,5 igo dira guztira, eta auzoen kasuan, %16,7. Gora egin dute baita ere aurreko urteko datuekin alderatuta, euskarak –%10, euskaltegia kontuan hartu barik–, gizarte ongizateak –%7,6– eta kirolak –%14,6–. Gainerako departamentuei dagokienez, mantendu egin da aurrekontua eta kasu batzuetan kostea gutxitu egin da.

EAJ-ren ezezkoa

EAJren zerrendaburu German Muruamendiarazek batik bat bi arrazoi eman ditu aurrekontuei ezezkoa emateko: batetik, Ibargarain egin den azkeneko etxe blokean Udalak dituen 48 garajeak saldu nahi izana. Muruamendiarazen arabera, "ez dugu ontzat ematen salmenta hori, herrian dagoen aparkaleku gabezia kontuan izanda aparkaleku publiko erabilpena eman ahal zaielako garaje horiei". Hala, Ikerlekuko aparkaleku publikoari ematen zaion erabilera bera eman ahal zaiela uste du EAJk. Ezezkoaren bigarren arrazoia da "aurreko agintaldian guk abian jarritako bi proiektu, hau da, Seminarioan auditoriuma egitea eta Arrizuriagan liburutegia, ez ditugulako aurrekontuetan ikusi".

Horrez gain, zorpetzearen gaineko kezka ere azaldu zuen EAJko zinegotziak osoko bilkuran. Esan zuen aurreko urteetan jaisten joan dela zorra eta aurten, berriz, mantendu egin dela. Bestalde, aprobetxamendu urbanistikoaren harira ere izan zituen hitz batzuk Muruamendiarazek. Hain justu, "kontsekuente" izateko eskatu zion alkateari, "aurreko agintaldian aprobetxamendu urbanistikoa diru iturri gisa erabili izanagatik nere alderdikoak kritikatuak izan zirelako".

Azkenik, Ipintzako belar artifizialeko futbol zelairako zein kanpoko igerilekurako bideratu diren diru partidak Agorrosinen etorkizunean egin daitezkeen beste interbentzio batzuk baldintza ez ditzatela ere eskatu zuen, eta planteamendu orokor baten garrantzia nabarmendu zuen.

Alkatearen erantzuna

Ibargaraiko garajeen harira Agurne Barruso alkateak erantzun zion Muruamendiarazi eurak ere konziente direla herrian dagoen aparkaleku gabeziaz eta baita mugikortasun arazoez ere. Dena dela, gehitu zuen ez dela teknikoki posible Ibargaraiko aparkalekuei erabilera publikoa ematea, "udaltzaingoak egindako txostenak dioen bezala, besteak beste, sarrera bakarra dagoelako".

Auditoriumari eta liburutegiari dagokionez, alkateak zera erantzun zion Muruamendiarazi: "Saiatu gara gainerako alderdien iritzi eta aportazioak jasotzen. Aurrekontu proposamena duela hilabete aurkeztu genuen eta denbora izan duzuen arren, ez dugu ezer jaso.
Zorpetze mailari dagokionez, alkateak garbi laga nahi izan zuen kezkatzen duen gaia dela eta  konziente dela Bergarak duen zorraz. Dena den, zera azaldu zuen: "Aurtengo aurrekontuetan ez da zorra igo, aurreko urtekoa mantendu baizik, eta hori egin dugu pentsatzen dugulako herritarrek beharrak dituztela eta beharrok asetzeko inbertsioak beharrezkoak direla".

Ipintzako berlar artifizialeko futbol zelaiari dagokionez, esan zion Muruamendiarazi "lasai" egoteko, orain egingo diren lanek ez dituztelako etorkizuneko interbentzioak baldintzatuko, are gehiago, "etorkizuneko ikuspuntuarekin" egin direla. Eta azaldu zuen aurtengo partidekin egingo dela berlar artifizialeko zelaia eta kanpoko igerilekuak egiten hasi baino ez direla egingo; lanik handienak 2009rako aurreikusi dituztela.

PSE-EE eta EA alderdiak

PSE-EEk honela arrazoitu zuen bere ezezkoa, besteak beste: "Aurreko agintaldia proiektuetan atzerakoia zen eta oraingoa ere bai. Bestalde, ez dugu ondo ikusten Ibargaraiko garajeak saldu nahi izatea, ezta komun publikoak ez egitea ere".

EAko zinegotzi Lauri Askargorta, berriz, abstenitu egin zen eta botoa azaltzeko esan zuen: "Aurreko agintaldian, gobernuan ginenean, abian jarritako proiektuak ez ditut aurrekontutan ikusi. Hori izan da abestentzioaren arrazoia, ez besterik".

Inbertsio aipagarrienak

  • Mizpirualde berria    2.000.000
  • Belar artifizialeko futbol zelaia    1.100.000
  • San Pedro kalea urbanizatzea    560.000
  • Baserrietarako ura    420.000
  • Zabalotegi aretoa bukatzea    400.000
  • Musika taldeendako lokala    300.000
  • Hirigintzarako lursailak    300.000
  • Kristo Obrero urbanizazioa    290.000
  • San Antonioko urbanizazioa    278.000
  • Hilerriko kapera konpontzea    50.000

Iturria: Bergarako udala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak