Udalak landareen eta animalien plan estrategikoa izan nahi du 2011rako

Mirian Biteri 2009ko aza. 30a, 18:33

Agenda 21eko plangintzaren harira, Bergarako Udalak hainbat konpromiso hartuta ditu biodibertsitatearen gainean. Horietako bat da udalerrian landareen eta animalien gaineko inbentarioa egitea. Informazio hori jasotzeko buru-belarri ari dira lanean azken urteotan.

Jasotako datu guztiekin, Udalak plan estrategikoa egiteko asmoa du. 2011. urterako gertu izan nahi du hori. Horren helburua da Bergaran dituzten animalien eta landareen gaineko katalogoa izatea eta egitasmoaren bat egin behar baldin bada, estrategia hori kontuan izatea. Ingurumen teknikari Naiara Corcueraren arabera, "bereziki, proiektu horiek landa-eremuan egiten direnean eduki behar da plana kontuan".

Jakina denez, landareen gaineko azterketa dagoeneko egina dago. Euskal Herriko Unibertsitatea arduratu da horren gaineko ikerketa egiteaz. Horretan egun dauden landareen inbentarioa eta horiek behar bezala kudeatzeko hainbat proposamen jasotzen dira; hau da, udal mailan zer egin daitekeen kontserbatzeko eta horien babesa bermatzeko.

Ugaztunena, urte amaierarako

Bestalde, Desma Estudios Ambientales enpresak ugaztunen gaineko proiektua lantzen dihardu orain. Corcuerak azaldu du proiektu hori 2007 urtean esleitu zela eta urte amaierarako emaitzak jasotzea espero dutela. Inguruan dauden animalia mota eta kopurua zehazteaz gain, landareekin egin den moduan, Desmak horiek kudeatzeko proposamen teknikoak igorriko dizkio Udalari. Corcueraren esanetan, "informazio hori jasotzean, Udalak gestio proposamenak aplikatzeko asmoa du".

Jarraian, landareen eta ugaztunen proiektuak amaituta daudenean, Euskal Autonomi Erkidegoko fauna eta flora mehatxatuen katalogoan azaltzen diren bi espezie aztertuko dituzte Bergaran. Corcueraren esanetan, "alde batetik, hegaztien gaineko ikerketa egingo dugu; izan ere, udalerrian galzorian dauden hegazti asko egon daitezke-eta".
Horren harira, udal teknikariak gaineratu du Udalak datorren hilean jarriko duela ikerketa hori egiteko prozesua eta horren gaineko emaitzak datorren urterako gertu izatea nahi duela.

Saguzarrak

"Aztertu beharreko beste animalia taldea saguzarrena da", dio. Kasu horretan, hainbat espezie ere galtzorian daudela eta hortaz, "irizpide iraunkorrekin" kudeatu ahal izateko aurretik ikerketa egin beharra dagoela esan du udal teknikariak. Corcuerak baieztatu digu talde horren gaineko azterketa Mendia Bizirik elkarteak egingo duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak