Udal aurrekontuak %19,6ko jaitsiera izango du aurten

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mai. 19a, 20:11

24.647.930 euroko aurrekontu bateratua onartu dute 2010erako. Gobernu taldearen aldeko botoekin, EAren abstentzioarekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin onartu da.

Udalbatzak 2010eko aurrekontuak onartu zituen asteleheneko osoko bilkuran. Onartutako Udal aurrekontua 21.430.177 eurokoa izan da, aurreko urtean baino %19,6 gutxiago eta aurrera egin zuen Gobernu taldearen aldeko botoekin, EAren abstentzioarekin eta EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin.

Bestalde, Udalaren eta haren erakundeen aurrekontu bateratua, 24.647.930 euro da –Udal euskaltegia, 491.843 euro–, Mizpirualde egoitza, 3.769.676 euro–, Bergarako Bihargintza, 358.200 euro.

Inbertsioak behera nabarmen

Udal aurrekontuaren jaitsierak eragin zuzena izan du Udalaren inbertsioetarako gaitasunean; 1.650.123 euro izango dituzte inbertsioetarako, iaz baino %72,3 gutxiago –iaz 5.960.470 euro izan zituzten–. Aitor Goiti Ogasun zinegotziak honela azaldu du horren arrazoia: "Gastu arruntei dagokienez, ahalegin guztiak egin ditugu jaisteko, baina kasu batzuetan ez da posible izan gure esku ez daudelako. Esaterako, uraren prezioa, zaborrarena… beste batzuek markatzen dituzte horiek. Bestetik, sarrera arruntak ere jaitsi egin dira; Foru fondoa jaitsi egin da eta tasen eta zergen sarrera bakarrik dago. Hala, sarrera eta gastu arruntak antzekoak izan dira. Hain justu, bien arteko aldea 1.650.123 euro dira eta horixe da inbertsioetarako geratu dena".  Eta gehitu du: "Orain arte lursailen salmenta ere izan da Udalarendako diru iturri, baina gaur egun ez dago eroslerik. Udalak badu terrenoa saltzeko, Algondonerakoa, esaterako baina eroslerik ez".
Horrekin guztiarekin dirua inbertituko dute dagoeneko eginda dauden eta lehentasunezkoak diren proiektuetan.

Pertsonal gastua

Pertsonal gastuak izandako igoerak –%9,2– zeresan handia eragin du eta EAJ eta PSE-EE horren kexu dira. Igoeraren arrazoia hau da Goitiren esanetan: "Igoera horrek ez du esan nahi Udal langileen soldata igo dugunik edo halakorik; arrazoia da bi zerbitzu gureganatu ditugula, ur zerbitzua, eta kale garbiketarena, eta ondorioz, langile gehiago dagoela Udalean. Horrez gain, udaltzain kopurua ere igo egin da". 
Aitor Goiti zinegotziak gehitu duenez zerbitzuok euren gain hartu dituzte "zerbitzu hobea eta merkeagoa" emateko helburuarekin. Goitiren esanetan "askoz merkeagoa da langileon kargu egitea zerbitzuok azpikontratatzea baino".

EAJ kontra

EAJren lehenengo kexua da  "aurreko urteetan bezala aurten ere aurrekontuak berandu aurkeztu" direla. Horrez gain, aurrekontuetan "aurreko urteetako ahuldade berak antzeman" dituzte, "baina aurten nabarmenago, batetik, sarrerak gutxitu direlako, eta bestetik, gastu arrunta igo egin delako eta horren ondorioz inbertsioetarako dirudik ez delako geratzen", German Muruamendiaraz zinegotziaren esanetan.
Pertsonal gastuen igoerarekin ere ez dago ados EAJ. Hala azaldu zuen bilkuran Muruamendiarazek: "Pertsonal gastuak gorako joera du. 2010eko aurreikuspenak betetzen badira, azkeneko hiru urteetan pertsonal gastua %32 igoko da, eta hori jasanezina da".

Ur zerbitzuaren eta kale garbiketaren harira ere egin zuen berba Muruamendiarazek: "Ur zerbitzua eta kale garbiketa Udalak bere gain hartzearen kontra gaude, baldin eta ez bada irizpide ekonomikoengatik edo zerbitzua hobetzeko. Kasu honetan Udalak bi zerbitzuok bere gain hartzearen arrazoia politikoa dela uste dugu".

PSE-EE ere kontra

PSE-EEk, besteak beste, uste du gastu arruntak –pertsonalarenak batik bat– txikitu beharko liratekeela eta  inbertsioak "barregarriak" direla. Bestalde, presoen familiei bideratutako laguntzarekin -98.400 euro– eta Mendekoste jaietako aurrekontuarekin –140.000 euro– ez daude ados. Gainera kexu dira barrakendako lurzorua doan utzi dutelako eta hortik ez delako diru sarrerarik egongo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak