Samu Crew taldekoak pozik itzuli dira 'Tu si que vales' telebista saiotik

Arritxu Barruso 2008ko mar. 30a, 19:30
Samu Crew brake-dance taldea Telecincoko Tu si que vales telebista saioko finalean izan zen pasa den egubakoitzean.Hiru bergarar daude talde horretan: Angel eta David Alcaraz anaiak eta Amaia Bernal. Bergararrekin batera, Oreretako Jose Mari eta Imanol Peso eta Irungo Yerandi Macias daude taldean.

Irabazi ez arren, pozik daude Samu Crew taldekoak finalean egindako lanarekin. Adierazi digute, gainera, bazekitela oso zaila zela txapela lortzea: "Bagenekien irabaztea oso zaila izango zela. Gure maila erakutsi eta ahalik eta ondoen pasatzera joan ginen finalera". Eta horixe da, hain zuzen ere, egin zutena. Izan ere, garaile izan ez arre, sekulako maila erakutsi zuen brake-dance talde honek. Epaimahaiak ere zoriondu egin zituen egindako lanagatik. Epaimahaian zeuden Los Morancos anaiei ere asko gustatu zitzaien Samu Crew taldearen ikuskizuna. "Saio  bukatu ostean esan ziguten, euren ustez, finaleko hiru talde onenen artean geundela  eta hori entzutea ohore bat izan zen" azaldu du David Alcarezek.

Mozorro eta guzti

Mamu-arrapatzailez (Caza fantasmas) mozorrotuta irten ziren taula gainera Samu Crew taldekoak. Arropak eurak erosi zituzten arren saioko makillatzaileek margotu zizkieten aurpegiak: "Ez genekien eurak margotuko gintuztenik eta egia esan lan bikaina egin zuten. Ikuskizunak asko irabazi zuen makillatzaileek egindako lanarekin" azaldu dute.

Jende asko ezagutu dute eta ikasi ere, asko ikasi dute, baina neketsua izan dela adierazi digute. 14 orduz egon ziren euren txandaren zain eta hori gogorra izan zela azaldu dute: "14 ordu egon ginen entseatu eta entseatu eta bukaerarako, beti ondo egiten genituen gauzak ere txarto irteten hasi ziren. Urduri xamar jarri ginen orduan, baina, zorionez taula gainean dena oso ondo joan zen".

Adituen babesa

Familiartekoen eta lagunen zorionak jaso dituzten arren, saioan bertan ezagututako jendeak esandakoari eman diote garrantzia Samu Crew taldekoek. "Dantza munduan aditua den jendeak esan digu balio dugula  eta aurrera jarraitzeko. Hori da garrantzitsuena, guraso eta lagunek beti dituzte hitz politak guretako, baina azken finean adituen iritzia da inporta duena.

Saioa bukatu den arren, lanean gogor jarraituko dute eta taldea indartzea da orain euren helburua. Dagoeneko badihardute zenbait ikuskizun lotu nahian. Bergarako Udalaren erantzunaren zain daude Pentecoste jaietan dantza egin ahal izateko. Bergarakoak izanik herrian dantza egiteko irrikan daudela esan digute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak