Mizpirualde egoitza berria egitea ari dira aztertzen Udala eta Aldundia

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko aza. 4a, 11:09
Mizpirualde zaharren egoitza handitu beharrean berria egitea aztertzen dabiltzala esan zuen Agurne Barruso alkateak GOITBko Magazinea programan egindako elkarrizketan. Aurreko agintaldiaren asmoa zen egoitza handitzea, euskaltegia dagoen tokira heldu arte, baina oraingo Udal gobernua beste aukera bat ari da aztertzen: eraikin berria egitea.

"Mipirualde ez dago toki oso erosoan, egoitzan dauden egoiliarren senideek ere askotan agertu dute kexa hori. Kostu aldetik, egungo egoitza handitzeak 12 milioi euro inguruko aurrekontua du, inbertsio handia da, eta diru hori berria egiten ere erabili daiteke", esan du Agurne Barruso alkateak. Gipuzkoako Aldundiarekin batera ari da gaia aztertzen. "Eraikin berria egiteko toki pare bat ditugu eskuartean, baina oraindik ez gaude ezer gehiago aurreratzeko moduan. Hala ere, lehentasuna duen gaia da hau", zehaztu du Barrusok.

Eguneko zentroaz ere hitz egin zuen alkateak GOITBko Magazinea programan. Laster hasiko dituzte lanak eguneko zentroa handitzeko eta bitartean, horra joaten diren bergararrak Antzuolara joango direla aurreratu zuen. "Egun hamar herritarrek erabiltzen du eguneko zentroa. Eskaria handia da eta horregatik handitu egin behar dugu. Azaroan Antzuolako Torresoroa gizarte etxera joango dira Bergarako eguneko zentrora joaten diren herritarrak", zehaztu zuen Agurne Barrusok.

Gazte kontseilua

Gazteriaren plana ere aurrera doala baieztatu zuen alkateak telebistan egindako elkarrizketan. "Plan horrek 0 eta 29 urte bitarteko gazteak hartuko ditu kontuan eta, normala denez, denen eskariak ez dira berdinak. Gaztetxoen artean ikusi dugu kanpora, Gasteizera batez ere,  joateko ohitura badutela, herrian ez dutelako gustuko ekitaldirik aurkitzen. Euren eskari nagusia gazteleku bat egitea da eta orain horixe aztertu behar dugu. Gazte kontseilua sortuko dugu laster; Udaleko ordezkariak eta gazteak egongo dira kontseilu horretan eta lehendabiziko lana gaztelekua definitzea izango da: zeinendako eta zer egin ahal izango den bertan, adibidez", dio Barrusok. Bestalde, goiko estazioko lanak irauten duten bitartean musika taldeek Jamen entseatzeko akordioa ere lotuta dagoela esan zuen alkateak. "Jamekoak euren laguntza eskaini ziguten agintaldi hasieran, eta horren beharra orain dugula ikusita, eurengana joan gara eta akordioa adostu dugu", zehaztu zuen Barrusok.

San Antonion argi publiko gehiago jarriko dituztela ere esan zuen alkateak eta auzoetan inbertsio handiagoa ere egin behar dela aitortu zuen, nahiz eta onartu proiekturik ez dutela.

Aparkaleku falta

Aparkalekuen gainean galdetuta, alkateak erantzun zuen Udal gobernuak ez duela inoiz baztertu Seminarioan aparkalekuak egitea, "baina ikusi behar dugu nola egin. Mugikortasun plana egiten ari dira, abendurako egingo dute, eta horrek jasoko du herrian aparkalekuak non eta nola egin daitezkeen", zehaztu zuen Barrusok.Datorren urteko aurrekontuei buruz, alkateak esan zuen horretan dihardutela: "batetik 700.000 euro eman behar dizkiogu Aldundiari, eta 2009an 300.000 gutxiago jasoko dugula dakigu, baina inbertsioak egin behar ditugula uste dugu. Hain zuzen, inbertsiorik potoloena egingo dugu kanpoko igerilekua egiten; gastu arrunta da kontrolatu behar duguna".
Egubakoitzean inauguratu zuten Zabalotegiri buruz, alkateak uste du irtenbidea dela areto handiagoa egin arte. "Bitartean Udal Pilotalekua ere maiz erabiliko dugula uste dut", zehaztu zuen Agurne Barrusok.

Auditoriuma Seminarioan egiteko asmoa bertan behera utzi du EAJ alderdiak

Errege Seminarioa Patronatuak erosteak aldaketak ekarri ditzakela eta, Rafael Amasorrainek EAJ alderdiaren iritzia eman zuen alkateari egindako elkarrizketan. "Seminarioa erostea ondo iruditzen zaigu, baina UNEDa Arrizuriaga joateko aukera hori aztertu egin behar dugu, ez dugu hain garbi ikusten". Bestalde, Udal gobernuak auditoriuma Miguel Altunan egiteko asmoa ere aztertu egin behar dutela esan zuen. Izan ere, EAJk  bertan behera utzi du auditoriuma Errege Seminarioko elizan egiteko ideia. "Egoeraren azterketa bat egin da eta azterketa horrek erakutsi du eraikin horrek mugak dituela, arkeologikoak edo soinuari dagokionak, adibidez. Ikusi dugu baldintza asko daudela eta horregatik uste dugu auditoriuma elizan egitea ez dela aukera egokia", adierazi du Amasorrainek. Plan Orokorrari buruz, Zabalotegiko errepidea egin egin behar dela uste du oraindik EAJ alderdiak.

Aralarrek ere bere iritzia eman du gai horien inguruan. "Ondo iruditzen zaigu UNEDa Arrizuriagara joatea eta Seminarioan Udal Liburutegia eta museoa egitea. Baita auditoriuma Miguel Altunan egitea ere. Zabalotegiko errepideari buruz, aurka egoten jarraitzen dugu", esan zuen Mikel Etxanizek.

UNEDa Arrizuriagara joaten bada, Udal Liburutegia jarriko luke Udalak Seminarioan. "Kostu ekonomikoari begiratuta, 2 milioi euro inguru beharko genituzke, UNEDek obrak egiteko kalkulatu duena, eta Arrizuriaga konpontzeak ere antzerako kostua izango luke", zehaztu zuen Barrusok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak