Bergarako Jam aretoa beste puntako emanaldi baten lekuko izango da aste bukaeran. Oraingoan pop rockaren txanda da, eta gurean estilo hori gustuko dutenek estatu espainiarrean aurki dezaketen eskaintzarik interesgarriena izango dute zapatuan, etxean bertan. Izan ere, egun Lori Meyers Estatuko puntako pop rock taldeen artean aurkitzen da. Biran datoz Bergarara, Heineken Music Selector egitasmoaren barruan antolatu den zuzenekoan. Euren aurretik Granadatik datorren beste proposamen interesgarri eta ezberdin bat igoko da agertokira: Elastic Band. Aretoko ateak 20:30ean zabalduko dira eta sarrerak 12 euro balio du aurrez eta 15 euro leihatilan bertan.
Hamarkada bat lanean irmo
1998. urtean jaio zen Lori Meyers, Granadako Loja hirian. Laukote moduan hasi ziren eta egun ere laukote moduan jarraitΩzen dute. Aldaketa gutxi izan ditu taldeak hamarkada luzean zehar: Julian Mendezek baxuan utzitako hutsunea bete zuen Sergio Martinek –gitarra ere jotzen du–. Hortaz, hasierako taldearen oinarria ez da aldatu. Egun, hauek dira taldekideak: taldeko buru den Antonio Lopez Noni (gitarra eta ahotsa), Alejandro Mendez (gitarra), Sergio Martin (gitarra eta baxua) eta Alfredo Nuñez (bateria).
Taldearen bilakaera ukaezina izan da hamar urte pasatxoetan: jaioterrian ia ezezagunak izatetik, Estatuko pop musikaren elitera. Musika munduan arrakasta lortzeko taldearen jardunaz haratago dauden beste hainbat faktore izan ohi dira, eta Lori Meyersek faktoreok alde izan dituela esan behar, euren eskuetan egon dena ezin hobeto egin baitute. Izan ere, irmo egin dute lan gustuko duten pop rock indie –pop independientea– kantuak egiten. Horrek eta laukotearen bereizgarri diren zuzeneko kementsuek eta publikoa harrapatzen duten hitz itsaskor eta zuzenek ekarri die arrakasta.
'Cronolánea', abiapuntu berria
2008ko martxoaren 11a aukeratu zuen Lori Meyers taldeak euren azken lana argitaratzeko: Cronolánea. Euskal Herrian aurkeztu zuten aipatu lana, Bilboko Kafe antzokian, esaterako.
Abiapuntu berri bat da euren hirugarren albuma –Viaje de estudios (2004) eta Hostal Pimodán (2005 eta 2006an, berrargitalpena) diskoen ostean–. Bi urteko etenaldi hartu zuten, adierazi izan dutenez, "deskantsatzen, bizitza soziala errekuperatzen, etorkizunean pentsatzen eta konposatzen".
Hala, Cronolánea bi urte horien emaitza da. 13 kantuz osatua, thereminak, teklatuak eta melodia ederrak dira diskoaren bereizgarri. Gainera, taldearen eragile izan diren King Crimson, Sufjan Stevens eta Flaming Lips taldeei erreferentzia ez da falta; eta ereserki moduan sendotu dira, besteak beste, Copa para dos, Cúmulo de propósitos eta Luces de neón abestiak. Egina dago, hortaz, gurean ezberdina den hitzordurako gonbita.
Elastic Band, ohiko taldeen itxura hartzera ukatuz
Lori Meyersek goi mailako taldea izango du aurretik: Elastic Band; hauek ere Granadatik datoz. Proiektu kuriosoa da Pablo Roman konposatzaile eta abeslariak gidatzen duena. Euren lehen lana 2008ko azaroan kaleratu zuten, Boogie beach days izenburupean.
Euren zeinu bereizgarria –beste taldeetatik bereiztu diena– samplers, loops eta mandolina elektrikoaren erabileran dago. Diskoa aurkeztu zutenean adierazi zutenez, "ez dugu gitarra, baxu eta bateriaz osatutako ohiko taldea izan nahi".