Labegaraieta jendez lepo eta Maialen Lujanbio lehenengo Bertsolari Txapelketako lehen final erdian

Irati Agirreazaldegi 2009ko aza. 8a, 12:44
Labegaraietako kiroldegia gainezka, kanpoan ez zen giro, hala ere, jende mordoa takilla ondoan zain sarrerarik ba ote den galdezka; ilera luzea, hotza eta haizea, baina lanean fin ibili ziren Bergarako eta Oñatiko bertso eskolako lagunek 1.550 zaleri eman zieten barrurako pasea. Agortu ziren sarrerak, eta kanpoan 200 zale inguru sartu ezinik gelditu arren hasi zen bertso festa.

Agurretik beraienganatu zituzten bertsolariek entzuleak eta agurretan ez ziren falta izan besteak beste Bergarako Besarkadaren aipamenak; bai Fredi Paiak eta baita Beñat Gaztelumendik ere besarkadak-besarkada gerra emateko gertu zetozela esan baitzuten. Paia lehen tokian eserita, Gaztelumendi azkenengoan, tartean Etxahun Lekue, Aitor Mendiluze, Jon Martin eta Maialen Lujanbio.

Zortziko nagusiarekin hasi zuten saio puntuagarria eta gaur egungo gaiez jardun zuten bertsolari guztiek: hipotekaz, A Gripeaz eta bortxaketez. Azken horren harira egin zuten lehen ofiziokako saioa Lujanbiok eta Gaztelumendik. "Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da, eta oraintxe sartu zarete biak epaitegira" gaia ipini zien Alaitz Rekondo gaijartzaileak. Saio borobila egin zuten tonu serioan, entzuleak hunkitzeko moduko arrazoiak emanez. Esaterako, Maialen Lujanbiok honela amaitu zuen bere azken bertsoa: "Eska dezaket errukia edo /belaunikatu lurrean /baina barkatu ze hitz hutsa den/heriotzaren aurrean".

Txikian mikrofono gabe

Zortziko txikian Jon Martinek eta Maialen Lujanbiok egindako saioa izan zen txukunena eta txalo gehien jaso zuena. Bi herritarren paperean jardun zuten: Jon Martin domekero mezatara joaten dena, eta Maialen Lujanbio, domeka horretan telebista zetorrela-eta propio joan dena. Jon Martin kantuan hasi eta bat-batean argindarrak huts egin zuen kiroldegian; mikrofonorik gabe baina bertsotan jarraitu zuten bertsolariek; eta baita egoera hura baliatu ere arrazoi politak botatzeko. Martinen amaiera ozen errepikatu zuten entzuleek eta horrela erantzun zion Maialenek: "Etorriko nitzake/ez nintzake damu/koro hau zenutela/jakin izan banu". Argia bueltatu zenean ere, Maialen Lujanbiok aurkitu zuen aitzakiarik horri erreferentzia egiteko "jainkoa ere badabil/joan eta etorri", esanez.

Puntuari erantzunez ez ziren puntako bertsoak entzun eta finalerdietan hamarreko txikiko ariketa ordezkatzen duen seiko motzera pasa ziren gero. Orduan ere Maialen Lujanbiok erakutsi zuen zergatik amaieran puntu gehien merezi izan zituen. Lekueri eta berari honako gaia ipini zien Rekondok: Lanpostu baterako elkarrizketa egiteko zain zaudete biok. Zuk Etxahun 52 urte dituzu, zuk Maialen 25. Bere adina eta emakume izatea aprobetxatuz: "Nahiz zurea gogorra den/lasai egizu hasperen/zuri ez dipute galdetuko ta/haurdun ote zauden", bota zuen bigarren bertsoan eta ofizioa errematatzeko arrazoi borobila erabili zuen: Guk lanpostu bat eskatzen degu/ta ez errukia”.

Martxa polita kartzelan

Azkar joan zen saioa aurrera, bizi, eta kartzelara iritsita doinu luze eta motelagoek hartu zuten tokia. Gaia honakoa zuten: "Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura, eta lanean hasteko unea da". Istripuaren aukera egin zuten Lekuek, Mendiluzek eta Gaztelumendik.  Mendiluzek fin deskribatu zuen egoera eta bigarren bertsoan argazkilariaren paperetik arrazoi polita bota: Egin diot klik bakarra/bihar famaren aparra/baina sentipen arraroa da/batzutan gogor samarra/denek bi begi itxitakoan/nik bat zabaldu beharra".

Maialen Lujanbioren kartzelako lanak bere saio guztia borobildu zuen. Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak doinuarekin kale istilu batean lanean ari zen argazkilariaren ahotik jardun zuen. Punta puntako hiru bertso bota eta doinuak ez ezik esandakoak ere giro berezia sortu zuen entzuleen artean.  Hiru bertso goitik behera josiak, bigarrenean honela arrazoitu zuen bere lana: "Espaloi hutsak atera eta/esplikatu leike dena/Nahiz eta ez dela ezer pasa/den esaten didatena/pasa ez denak erakusten du/sarri asko pasa dena".

Kartzelakoarekin amaitu zen saioa eta agurrekin eta ikuskizunaz gozatu ostean, puntuen irrika. Batzuen txaloak besteen kritika, baina azken batean zaleak etxera bertso gosea aseta.

Puntuazioa

  • Maialen Lujanbio: 708,5 puntu
  • Aitor Mendiluze: 680 puntu
  • Beñat Gaztelumendi: 644,5 puntu
  • Jon Martin: 619 puntu
  • Etxahun Lekue: 608,5 puntu 
  • Fredi Paia: 596 puntu

Jendearen ahotan ibili zen komentarioa puntuen arteko aldea handia izan zena. 

Tolosan hurrengoa

Bertsoak dastatzeko gogoz geratu direnek badute aukera. Hurrengo astean egin dezatela bisita Tolosa aldera. 17:30ean  Usabal kiroldegian, Ainhoa Agirreazaldegi elgetarrak jardungo du bertsotan Uxue Alberdi,  Igor Elortza, Iñaki Gurrutxaga, Sustrai Kolina eta Iker Zubeldiarekin batera.  Eta Bergaran batzuei gertatutakoa pasatzerik nahi ez duenak www.bertsosarrerak.eu helbidean garaiz har dezala sarrrera. 

Bertso eskoletakoen lana, kontuan hartu behar dana

Saioaren antolakuntzan izandako laguntza, ez zen gero izan hutsa. Antolatzaileen ustez bikaina, Bergarako eta Oñatiko bertso eskoletako lagunak zoriontzeko eta batik bat eskertzeko aina. Lurra babestu, aulkiak ipini, eskenatokia muntatzen lagundu, sarrera txartelak kontrolatu, sarrera-irteerak zaindu, eta dena amaitutakoan aulkiak berriz batu. Peto gorriak jantzita, fin-fin hasi eta bukatu. Zaletasunak arindu zuen lana eta entzuleek ere eskertu tokia egoki prestatu izana.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak