Kolunbarioak erabilgarri daude dagoeneko Bergarako kanposantuan

NereaMenor 2008ko mai. 16a, 12:20
Azkenaldi honetan, geroz eta herritar gehiagok aukeratzen dute hildakoak erraustea. Hori dela eta, errautsak kanposantuan gordetzeko eskariak ugaritu egin dira. Eskariei aurre egiteko, Bergarako Udalak kanposantuko horma-hilobietan kolunbarioak jartzeko erabakia hartu zuen eta dagoeneko onartuta daude ordenantzak. Bailara osotik, Bergaran bakarrik eskaintzen da zerbitzu hori.

Kolunbario bakoitzak errauts-kutxatila bakarra gorde dezake. Era berean, kutxatilak hilotz bakarraren errautsak gorde ahal izango ditu. Hasiera batean, hiltzeko unean udal erroldan izena emanda zutenak bakarrik onartuko dira. Hala ere, herritarren beharrei erantzuteko nahiko toki izanez gero, herrian jaio baina hiltzean bertan bizi ez zirenen errautsak ere gorde ahal izango dira.
Kolunbarioen neurria 25x30x30 zentimetro da, eta aurreko aldea granito beltzekoa dute. Altzairu herdoilgaitzezko identifikazio-plakan, hildakoaren izena eta abizenak edo ezizena azalduko dira, eta, horrekin batera, jaiotza eta heriotza datak ere ipiniko dituzte.

Hilerriko esparruaren zaintza egingo du Udalak, baina ez du bere gain hartzen errauste-kutxatilari edo plakari beste norbaitek egindako lapurretaren, ezta naturak egindako kalteen erantzukizunik.  

10 urteak luzatzeko aukera

Kolunbarioa erabiltzeko epea hamar urtekoa izango da, 125 euroko tasaren truke. Erabiltzeko epea amaitu eta hilabetera inork ez badu errauts-kutxatila jasotzeko eskatu, Udalak hezurtoki komunera eramango du. Bestalde, epea amaitu aurretik etengo balitz kontzesioa, pertsona horri ez zaio dirurik bueltatuko. Hasierako hamar urteak luzatzeko aukera egongo da, epe hori amaitu baino hilabete lehenago eskaria egin eta tasa ordainduz gero. Udalak epea luzatzea uka dezake, baldin eta hurrengo urteetako beharrei erantzuteko toki nahikorik ez dagoela uste baldin badu.  

Eskaerak

Kolunbarioa eskatu nahi duenak Udaleko Erregistro Orokorrean Udalak emango dion eskari-inprimakiarekin batera ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko du: eskatzailearen Nortasun Agiriaren fotokopia; edozein errausketa-labetan erraustu izana egiaztatzen duen dokumentua; udal-tasa autolikidatu izanaren agiria; eta aurretik lurperatu izan ez diren hilotzen errauts-kutxatilak baldin badira, Erregistro Zibileko heriotza-inskripzioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak