Jauregi etxean egindako berritze lanen gaineko azalpenak eman zituzten eguaztenean Petra enpresako ordezkariek eta Xabier Aranburu udal museologoak. Ekainetik hona egindako berritze lanek 260.000 euro inguruko aurrekontua izan dute eta Banco Guipuzcoanok ordaindu ditu. Hain zuzen, Banco Guipuzcoanoko higiezin-departamentuko Iñigo Garaizabalek eta Pedro Chartonek ere hartu zuten parte udaletxeko batzorde gelan egindako aurkezpenean.
Ikerketa, urtarrilerako
Gasteizko Petra kooperatibako Mercedes Kortazarrek eta Dolores Sanzek zuzendu dituzte ekainean hasitako berritze lanak. Eudald Gillamet berritzaile ezaguna arduratu da aholkularitza teknikoaz. Sanzek azpimarratu zuenez, "berritze zientifikoa egin dugu eta lantalde tekniko oso inportantea aritu da elkarlanean. Bestalde, ikerketa historiko-artistikoaren emaitza urtarril aldera ezagutuko dugu. Orduan zehaztu ahal izango da zehatz-mehatz fatxadako erliebea mudejarrek egindakoa den eta erliebearen gaineko beste ezaugarri batzuk".
Monumentu Nazionala
Xabier Aranburu udal museologoak eta Dolores Sanzek egindako lanen berri eman zuten: "2005ean urgentziazko interbentzio bat egin behar izan zen lehen pisuan dagoen erliebea erortzeko arriskuan zegoelako. Aparteko arte lana da Jauregikoa, 1500 urtearen ingurukoa. Espainian ez dago horrelako besterik, lehen mailako arte lana da. Erliebe hori mantendu egin da beti Jauregi etxean eta gogoratu behar da XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran bi pisu gehitu zizkiotela etxeari. Presio horren eraginez eta urtetako higaduraren ondorioz egoera oso txarrean zegoen". Erliebeko azken berritzea 1978koa zen.
Banco Guipuzcoanoko fatxadan dagoen armarria (XV. mendekoa) ere berritu dute oraingoan. Jauregi etxea Monumentu Nazional izendatu zuten 1923an eta 1984a ezkero Euskadiko Monumentu Nazionala da baita.