IX. Txotxongilo Mostra: badator antzezpen uholdea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2008ko ira. 26a, 15:03
Urriaren 2tik 5era, mundu osotik etorritako txotxongiloak izango dira Bergaran. Aurtengo berritasunen artean, aipagarriena da mostra Zabalotegi areto eraberrituan ere izango dela ikusgai.

Datorren asteburuan ospatuko da Bergaran Helduentzako IX. Txotxongilo Mostra. Eguenean hasi eta domekara arte, antzezpen uholde baten lekuko izango da Bergara. Lau egunetan zehar, guztira 13 antzerki eta txotxongilo taldek emanaldia eskainiko dute; guztiak txotxongiloaren arteari lotutako ikuskizunak. Mostra hori kultura eskaintza ezberdina denik ezin da ukatu, helduei zuzendutako txotxongilo saioak ez dira-eta batere ohikoak. Ez dira ohikoak, ez gure ibarrean, eta ezta Estatuan ere. Horregatik, agian, heldu askori arrotza egingo zaio txotxongilo batek dioenari erreparatzea. Hala ere, eta Bergarako mostrak urte hauetan guztietan erakutsi duenez, arrotza dena ezin dibertigarriagoa suerta daiteke.

Taun Taun taldearen eskutik 

Lehen mostra 1991n egin zen. Ordutik hona, eta salbuespenak salbuespen, bi urtean behin antolatu du Taun Taun antzerki taldeak Txotxongiloen Mostra, Bergarako Udalaren laguntzaz. Izan ere, mostra Taun Taun taldeko kideen txotxongiloekiko zaletasunaren emaitza da.
Taldea sortu zenean, 1987ko abuztuan, helburu horrekin sortu zen, euren zaletasun berezia ezagutzera ematea, betiere ikusle helduei bideratuta. Hasierako proiektu hura berezia zen oso, orduan orain baino ezohikoagoa baitzen helduentzako txotxongilo emanaldiak eskaintzea. Hasierako urteetako taldea bera ere berezia zen. Antzerkigintzan, musikan eta beste alor artistiko batzuetan ibilitako lagun talde batek osatzen zuen. Garai hartaz oso oroitzapen onak gordetzen ditu Itsaso Azkarate Taun Taun taldeko kideak: "Oso talde polita eta aberatsa zen eta garai on batean bildu ginen, oso gazteak ginen-eta". Bergarako Udalaren laguntzarekin abiatuz, hainbat ikuskizun eskaini zituzten han eta hemen.
Ordutik hona 21 urte pasa dira, eta gauzak asko aldatu dira: kideei dagokienez, gorabehera asko izan ditu. Egun, lau kidek osatzen dute Taun Taun taldea: hiru aktorek eta teknikari batek.    Lan metodologiari dagokionez, proiektu bakoitzean asko inplikatzen dira taldeko kideak. Ikusleei zerbait ezberdina eskaini nahi diete, "gustatuko zaien ezberdina den zerbait", hain zuzen. Eta horretarako, obra bakoitza egin aurretik euren eskuetan dauden baliabide guztiak erabiltzen dituzte ikerketa prozesu bat aurrera eramateko. Hala, buru-belarri sartzen dira obraren inguruko ezaugarri guztiak aztertzen; eta hori emaitzan nabaritzen da.
Antzerki taldeak egindako lana eskertu egiten du  Bergarako herriak. Horren adierazle da mostra guztiek izan duten erantzun ona, nahiz eta eurek parte hartu ez. Bestalde, etorkizunari begira lanean jarraitzeko gogotsu daude Taun Tauneko kideak. 

IX. mostran ere, denetarik

Badator, beraz, IX. Txotxongilo Mostra. Ekimen arrakastatsua bihurtu da, eta bere leku propioa aurkitu duen ekitaldi sorta da egun. Dagoeneko Debagoieneko jende asko erakartzen du, eta, besteak beste, Bilbo aldetik ere etorri izan da jendea. Ez dago batere gaizki, helduentzako txotxongilo ikuskizun eskaintza gutxitan   ikusten ez den zerbait dela jakinda.
Aurtengo mostrari dagokionez, Azkaratek estilo eta aukera aniztasuna nabarmendu ditu: "Denetarik izango da ikusgai, txotxongiloen munduan denetarik baitago". Bestalde, kaleko ikuskizunek harridura piztuko dutela aurreratu du. Horrelako mostra bat antolatzea lan gogorra dela aitortu du Azkaratek: "Kanpotik gonbidatu asko datoz, eta, besteak beste, ostatu eman behar zaie. Antolakuntzan lau katu gaudenez, lan handia izaten da". Hala ere, "erlazio ona dagoenez, dena eramangarriagoa egiten da", gaineratu du Azkaratek. 

Ikuskizun gomendagarrienak


Ikuskizunen artean bere gomendioa egiteko orduan, lau emanaldi nabarmendu ditu Azkaratek, guztiak erabat gomendagarriak direla gogoratu ondoren. Batetik, eta kalean harridura sortzeko emanaldiei lotuta, Organik taldearen Malditas lana goraipatu du. "Ikuskizun itzela da, pertsonak eta panpinak uztartzen dituena". Bestalde, Richard Bradshaw itzalen erregearen lana ere nabarmendu du Azkaratek, eta baita De Blauwe Hond eta Azulkillas taldeen obrak ere.

Zabalotegiren irekiera

Azkarate, bestalde, pozik agertu da Zabalotegi aretoaren irekiera dela eta. Izan ere, Zabalotegi aretoaren inaugurazio ofiziala geroago egingo den arren, Txotxongilo Mostran zabaldu egingo dute.
Azkaratek dio albiste ona dela proiektu ezberdinak ezagutzera eman ahal izateko areto bat izatea. Izan ere, Taun Tauneko kideak dioenez, "azkenaldian Bergara kulturalki basamortua zen. Noizbehinka antolatzen ziren ekitaldiak, jaietan, umeei zuzenduta... baina hortik kanpo ia ez zegoen ezer". Izan ere, leku propiorik gabe proiekturik ez dagoela oso argi dauka Azkaratek. Gainera, dio Taun Tauneko kideak, "jendea leku batera joatera ohitzea oso garrantzitsua da eta mostrak horretarako balioko du".

"zer egingo dugu eurak barik?"

Azkenik, Txotxongilo Mostrak ikusleengan emozio berezia pizten duela dio Azkaratek. Ikusle batek, adibidez, "eta orain zer egin behar dugu txotxongilo barik?", galdetu zion aurreko edizioa amaitu berri zenean. Adierazpen hori mostrak helburua lortu zuen seinale garbia da.

Egitarau zabala

Urriaren 2a, eguena

20:00, Zabalotegin Entremets Diego Stirman. Argentina/Frantzia.

Urriaren 3a, egubakoitza

18:00, kalean zehar Barreras Iñaki Mata. Euskal Herria.

20:00, Zabalotegin Goma Gom Chapertons. Katalunia.

22:30, Pol Pol tabernan La canija y malasombra Canija konpainia. Katalunia.

00:00, Gaztetxean Manologias La Santa Rodilla. Peru.

Urriaren 4a, zapatua

12:00, San Martin plazan Superplast Hotzmuga. Euskal Herria.

13:30-18:00, Munibe plazan De Kleine Scala De Blauwe Hond. Herbehereak.

20:00, Zabalotegin Teatro de sombras Richard Bradshaw. Australia.

22:30, Usondo parkean Malditas Organik. Euskal Herria.

Urriaren 5a, domeka

13:00-18:00, Espoloian Encubando la luna Azulkillas. Euskal Herria/Asturias.

20:00, Zabalotegin Te odio Edu Borja. Valentzia.

22:30, Gaztetxean Las cosas de la vida Trastam. Katalunia.

Urriaren 6a, astelehena

9:30-11:30, Zabalotegin (eskolarrentzat) Te odio Edu Borja. Valentzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak