Imanol Sorondo hernaniarrak idatzi du maitasunezko gutunik ederrena

Mireia Bikuña 2009ko ots. 6a, 11:22
Epaimahaiaren hitzetan "galderatan oinarritutako gutun misteriotsu, zehatz, trinkoa eta motza" idaztegatik jasoko du Imanol Sorondo hernaniarrak XVII. Amodiozko Gutunen lehiaketako lehen saria (500 euro). Hala, 1996. urtean lortutako saria berretsi du. Gainerako irabazleak dira: Leire Mendizabal (bigarren saria); Uxue Agirre eta Elene Etxaniz (bergarar onena); Nagore Gonzalez (26 urtetik beherako onena); eta Ibon Segura (SMS bidezko mezu onena).

Maila nagusiko bigarren saria (250 euro) Leire Mendizabal ordiziarrak jasoko du alargun geratu den gizon batek emazteari idatzitako gutunarengatik.  "Originaltasuna eduki arren, sakontasunez idatzitako gutun klasikoa" dela diote epaimahaiko kideek.

Hitanoz idatzitakoa

Bi sari nagusiez gain, Jerardo Elortza idazleak, Oihana Bartra bertsolariak, Rafa Rueda kantariak eta iazko irabazle Alaitz Sarasolak osatutako epaimahaiak bergararrek idatzitako gutun onena aukeratu zuten. Uxue Agirre eta Elene Etxanizek,  elkarrekin, hitanoz idatzitako gutuna aukeratu dute: "Gutunak freskotasuna du, eta sentimenduak ondo adierazten ditu".

Epaimahai gaztea

26 urtetik beherako gutun onenaren eta SMS bidezko mezu onenaren sariak Bergarako ikastetxe ezberdinetako ikasleek osatutako epaimaihaiak aukeratu zituzten. Hain zuzen ere,  Maddi Larreak, Amaia Arrayagok, Asier Kortabarriak, Nerea Marzok, Amaiur Mayok eta Enara Montielek osatu zuten epaimahaia.

Nagore Gonzalez legazpiarrak idatzitako gutuna aukeratu zuten (100 euro). Koma egoeran dagoen emazteari gutuna idazten dio Unaik eta euren semearen inguruko gorabeherak kontatzen dizkio. Epaimahaiaren ustez "gutun polita eta sentimenduz betea. Orijinala eta ezberdina".

Bestalde, SMS bidezko mezurik onena (90 euro) Ibon Segura eskoriatzarrak idatzitakoa zela erabaki zuten; hain zuzen,Zure begiek hitz egitn dutnean, nire ezpaink ezin dute hitzik asmatu.

Lan gehiago

Jardun Euskara Elkarteak antolatuko lehiaketara iaz baino parte-hartzaile gehiago aurkeztu dira: 48 gutun eta SMS bidezko zortzi mezu. Epaimahaiaren ustez "maila askotariko gutunak daude, batzuk klasikoak eta beste batzuk orijinalak; baina, gehienak gutun malenkoniatsuak eta tristeak" dira.
Sari banaketa ekitaldia zapatuan, hilaren 14an egingo dute Bergarako kultura etxean. 12:00etan. Imanol Sorondok gutun irabazlea irakurriko du.

Gutun irabazlea

Aspaldiko,

Eskutitz hau idazten hasi naiz baina gogoa daukat hemendik urrun, oso urrun. Itsasoaren uluei gor, kaleko argi bereziei itsu, burua nere paperetan murgilduta dago, baina gogoa ihesi. Kanpoan, elurteak pekatuak estaltzen ditu oharkabean, doi-doi, itsasoaren amorruak lurrarekin  berdintzen ditu paseoko farolak, txiki-txiki.

Baina ni, ez nago hemen, gauak bere zirimola eroan eraman nau beste behin, bahituta. Une hau  izozturik dago, bihar ez du esistitzen. Belarrietan musika bat, astindu ezinezkoa, eztia eta  zorabiatzailea. 

Eta ezustean, burua altxa eta ikuspegiak txunditu nau. Zure leihoan argia ikusi eta itzal baten irudi  lausoak zu ote zaren galdetu dit. Itzuli al zara honezgero? Erabaki al duzu ezer, gureaz? Papera zuri ia, elurtuta ere, ukondoak minduta, zer ordu ote da? hainbat denbora daramat hemen,  hoztuta, eta bidaia luze baten bueltan bezala, indargabetuta eta iparrik gabe nago. 

Zure leihoan argia dago, Nire baitan iluntasuna. 

Haizeek urrunean deiadarka: erabaki al duzu ezer, gureaz?

Paseoko argiak kresalezko lainoan itota, ekaitzak argia eta isiltasuna irentsi ditu. Egongo ote da inor  han barruan, olatuen infernu hotzean, bere bizia borrokatzen inposiblearen kontra, nire bihotzaren  antzera, zuk utzitako suntsipenean arnas arrasto bat aurkitu nahirik.

Zure leihoan argia, nire begiak itxita, itsasoa paseoaren gainetik jauzika eta begietan halako min bat,  gainezka. Ez dakit... erabaki al duzu ezer?

Joan egin zinen, laino zuriz margotutako arratsalde hartan, ezer esan gabe, eta bihotza lokaztu egin  zitzaidan. Telefonoa nirekin sartu nuen ohean, baina hoztu egin zen hala ere. 

Paperekin mendi bat eraikitzen aritu naiz, zuri idatzitako gutunekin, dakizkidan malko guztiak gastatu  arte zirriborratu ditut, zintz egin eta negar bihurtu nahi nuen azken iraina hustu arte ez dut atsedenik  hartu. 

Eta, azkenik, pospolo xume batekin guztiari su ematera nindoanean, argia ikusi dut zure leihoan.  Betirako galdu zela uste nuen itsasargia begiztatzean bezala, txundituta geratu naiz.

Telefonoa hor datza, hil antzean, ordulariko orratzek etsipena adierazten dute, jaikitzeko orduak hartu  nau. Itsasoak paseoa txikitu nahi du eta niri berdin zait. Axola zitzaidan guztia hautsita dago aspaldi.  "Erabaki al duzu ezer, gureaz?" Idatzi dut paper zahar batean eta pilara bota dut. Kalea zuri dago,  elurpean, paseoa ere zuri, aparretan hondoratuta, olatuei amore emanda. Anbulantzia baten argiak ikus  ditzaket, zarata entzutea ezinezkoa da, bihotzaren taupadak entzun ditzaket soilik, zatozte! hona hemen  bihotz zauritu bat.

Etxetik atera beharko dut, ekaitzari aurre egin eta, zure leihoaren azpitik pasatuz, nire bidea jarraitu.  Berandu egiten zait. Berandu egin zait, eta dagoeneko ez zait axola itsasoak paseoa ezabatu ote duen  eta zuk zer erabaki duzun. Banoa, zigarroa piztu eta paperei su emango nieke azkenik, baina ez dut  erretzen eta paperak gero jasoko ditut, agian aurkituko dut behin idatzi nizun karta polita eta paseoko  hondakinetara harrika botako dut.

Itzal dezakezu argia, ez daukat beldurrik jada. Baretuko da itsasoa, hartuko dut telefonoa eta, ahoz  ahokoa eginda, hizketan hasiko da.

Agurtzane.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak