Ikasitakoak ederki erakutsiz

Txomin Madina Milikua 2010ko mai. 16a, 23:58
Urte guztian ikasitakoa, urte guztian landu eta barneratutakoa herriari erakusteko aukera aparta izaten da Bergarako Musika Eskolako ikasleentzat udaberriko jai kontzertua. Atzo egin zuten dagoeneko klasiko bihurtu den kontzertu honen 22. edizioa, eta asko izan ziren Bergarako Udal Pilotalekura hurbildu ziren senide, lagun eta orokorrean, musikazaleak.

Kontzertuan zehar maila guztietako ikasleek hartu zuten parte, eta entzundako doinuen artean, aniztasuna izan zen nagusi: pieza herrikoiak  zein klasikoak eskaini zituzten.

Txikienen xalotasuna

Kantu finlandiar herrikoi bat oinarri hartuta lau hizkuntzatan ongietorria eman ostean, Suzuki taldeko biolin-jotzaile txikiak izan ziren kontzertua ireki zutenak. Harrigarria, hunkigarria eta era berean txalotzekoa izan zen eskainitako emanaldia: gazteenak hiru urte eskas zituen arren, denak ere fin asko ibili ziren.

Akordeoi orkestrak hartu zien erreleboa eta  bi pieza eskaini zituzten: Chanson triste  eta Xalbadorren heriotzean. Kamiseta gorriak jantzita hasiberrien abesbatzaren irten zen gero, eta hauek ere gustura utzi zituzten ikusleak: euren kantu eta dantzekin, dantzan eta kantuan hasteko gogoa pizten zitzaion edonori!

Animoak berriro ere baretuz, txistu taldeak Segurako alborada eta Xamargarria zortzikoa jo zituen, eta ondoren, berriz ere txikienak aritu ziren kantan; Kalaberak izeneko abesti dibertigarria hain zuzen ere. Ikusleen artean abestu zuten gainera.

Musika Eskolako orkestra sinfonikoak eta haurren abesbatzak bina pieza eskaini zituzten gero, eta trikitxa taldeak, beste bi: Polca de Ors eta Errota zaharra. Gazte bandak pieza bakarra  jo zuen, baina ez nolanahiko pieza: Canta Napoli izan zen aukeratutako doinua, eta ikusleek, begiak itxiz gero, Italiara bidaiatu ahal izan zuten.

Denak batera

Horrelako kontzertu handietan ohikoa den moduan, Musika Eskolako talde ezberdinetako kide, zuzendari, irakasle eta ikasleek batera eman zioten amaiera jaiari: Lennonen Imagine kantu ezagunaren euskarazko bertsioa jo eta abestu zuten, baita Musika Eskolako martxa ere. Kontzertu borobilari amaiera borobila, zalantza barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak