Ibarreko ordezkaritza zava

Edu Mendibil 2009ko abe. 6a, 22:11


Asteburu luzean Durangoko euskal liburu eta disko azokak emandakoarekin orokorrean pozik ziren saltzaileak, nahiz eta aspalditik han eta hemen entzuten dugun krisi hitza ere entzun izan den. Balorazio zehatzagoak laster egingo dituzte antolatzaileek eta argitaletxetako ordezkariek. Edozein modutan, bestetan baino jende gutxiago ibili dela ematen du eta Jon Irazabal Gerediaga elkarteko presidentearen arabera, beharbada dagokion neurrira etorrita dago horrela azoka, hainbat ediziotan izandako ia-ia neurriz kanpoko bisitari kopuruaren ostean. Etxekoen ikuspuntuaz gain, interesgarria izaten da kanpoko ahotsak entzutea. Aurten katalanez egindako kultura izan da gonbidatu nagusia eta Ramon Llull institutuko zuzendari Josep Bargallok zera azpimarratzen zuen domekan, Egunkaria-ren aldeko elkarretaratzean parte hartu eta gero: "Azoka honen herri izaera nabarmenduko nuke. Gainera, beste azoka batzutan, Frankfurtekoan-eta, egile eskubideak izaten dira negozioaren muina eta hemen, aldiz, ikusten da jendeak liburuak eta diskoak erosten dituela. Badauka gure Sant Jordi festarekin nolabaiteko parekotasuna... , baina diferentzia nabarmen batekin: han katalanez eta gazteleraz idatzitako liburuak erosten ditu jendeak". Aurretik, Egunkaria-ren pankartaren atzean adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin zuen Bargallok. Harekin batera, kultur arloko aurpegi ezagun ugarik  egin zuten bat auzipetuekin.
debagoieneko aurpegi asko
Debagoienak ordezkaritza zabala izan du aurten Durangoko azokan: Gosekoak egunero izan dira Landakon, beraiek ekoiztutako Gorria diskoa saltzen, eta domeka eguerdian emanaldia egin zuten Ahotsenea gunean;Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru itxaropentsu zegoen Des-kontrolen azken diskoarekin eta badirudi salmenta onak izan dituztela (zapatuan kontzertu arrakastatsua eskaini zuten arrasatearrek Durangon); Oñatiko Malenkonia taldekoek ere diskoak sinatu zituzten zapatuan; eta Juan Martin Elexpuruk Iruña-Veleiako grafitoen egiazkotasuna defenditzeko idatzi duen liburua saltzen zebilen azokaren sarreraren ondoan; Karmele Igartuak Edorta Jimenezekin solasaldia izan zuen Ahotsenean, aretxabaletarraren Denbora enaren hegaletan poesia liburuaren harira; eta ikusi ez bagenituen ere, pentsa daiteke Ruper Ordorika eta Fermin Etxegoien oñatiarrek ez zutela hutsik egingo Durangoko hitzorduarekin; haien herrikide Juan Carlos Irizarrek 28. diskoa eraman du, The Beatles eta ni, Liverpooleko laukoteari egindako omenaldi moduko bat; Pello Zabala, Patxi Uribarren eta Miguel Angel Elkoroberezibar ere ikusi genituen domekan eta Amaia Diaz de Monasterioguren arratsaldean joatekoa zen, Handitzen, handitzen "defendatzera"...
Durangon gertatutakoa gertutik jarraitu dute Azoka Telebistan lanean jardun duten Goienako lankideek. ETB3 eta Hamaika Telebistakoekin izan dira elkarlanean. Durangon grabatudituzten klip guztiak ostegunean ikus ahal izango duzue GOITBn, Gipuzkoa Kultura saioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak