Ingurumen Sailaren ekimenez, energiaren eraginkortasunaren eta argi kutsaduraren gaineko azterketa egin da herrian. Azterketa horretan kaleko argiteriaren instalakuntzen diagnostikoa egin dute eta Naiara Corcuera Ingurumen teknikariak azaldutako moduan, "oso ondorio interesgarriak erakusten ditu lanak".
Ondorio interesgarriak
Herrian barrena mota ezberdineko 1.672 farola daude eta argiteria publiko horrek herritar bakoitzari 12 euroko gastua eragiten dio, urtean.
Horrez aparte, farola horien %44ak argi kutsadura sortzen du, hau da, argia gorantz bidaltzen dute, eta ondorioz, zerua eta etxeen aurreko aldeak argiztatzen dituzte. Bestetik, kontuan hartu behar da, baita ere, bonbillen %27a hondakin toxiko eta arriskutsuen sortzaile direla.
Hala, azterketak zera ondorioztatu du: herriko argi puntuen %56 kutsakorrak direla eta sortzen den argi guztiaren %12 alferrik galtzen dela. Horren aurrean Naiara Corcuerak gehitu du: "Argia kaleak argiztatzeko bakarrik erabiliz gero, 18.254 euro aurreztuko genuke urtean".
Hobetzeko neurriak
Azterketaren emaitzak erronka berria ekarri dio Udaleko Ingurumen sadilari eta emaitzok hobetzeko neurriak aztertzen dihardute, Naiara Corcuerak azaldu duenez: "Lehenengo neurria argia gorantz botatzen duten farolak ordezkatzea da, globo motako farolak, hain justu. Lehentasunezko guneak ere zerrendatuta daude: Zurradero eta Ibargarai pasealekuak eta Simon Arrieta eta Juan XXIII plazak, gune horiek direlako argi dentsitate handien dutenak.
Kutsakorrak diren bonbillak ordezkatzea da bigarren proposamena: "Zehazki Koldo Eleizalde, Aranerreka eta Bolu kaleetan daude bonbilla horiek. Material toxikoz osatutakoak dira, energia asko kontsumitzen dute eta, gainera, animalia gautarrendako kaltegarriak diren izpi ultramoreak isurtzen dituzte", dio Corcuerak.
Eraginkortasun energetikoa
Herrialde garatuetan ohiko gauza da beharrezkoa baino argi gehiago duten kaleak izatea eta farolen egitura kaskarragatik beharrezkoak ez diren guneak argiztatzea –zerua eta etxeen aurreko aldeak, esaterako–. Horrek guztiak energia alferrik galtzea dakar. Hala, Corcuerak azaldu du irtenbidea ez dela argi puntuak ezabatzea. Gakoa da eraginkortasun energetikoa, hau da: "Zerbitzu berdina ematea, baina kontsumo gutxiagorekin.