Herriak antzokia behar duela garbi geratu zen

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko mar. 8a, 10:16
Martitzenean egin zen prozesu parte-hartzailearen baitako lehenbatzarra. 65 bat herritar batu ziren eta besteak beste esan zuten, formatu handietarako aretoa eta entsegu gelak izan beharko lituzkeela etorkizuneko antzokiak.

Martizenean 65 lagun batu ziren askotako kultura ekintzetarako antzokiaren espazio eta funtzioak  herritarrekin batera diseinatzeko Udalak deitu duen prozesu parte-hartzaileko lehen batzarrean.
Orfeoia, Aritzeta, Musika Eskola, banda, orkestra, Jardun, Taun-Taun... askotariko kultura eragileetako ordezkariak batu ziren –gazte gutxi– eta baita herritarrak ere. Agurne Barruso alkatea eta Gobernu taldeko hainbat zinegotzi ere han izan ziren. 
Aztiker enpresako bi aholkularik gidatu zuten batzarra eta azaldu zutenez, lehen batzar horren helburua izan da, oro har, "kultura sortzaile, ekoizle eta kontsumitzaileek dituzten beharrak jasotzea".Hain justu, horien berri eman zuten bertaratutakoek, taldetan lehenik, elkarrekin, gero.

Herritarren beharrak

Herrian kultura talde asko eta lan handia egiten dutelako ustea orokorra izan zen batzarrean eta baita antzoki "fundamentuzko" baten beharra dagoela ere, bai herriko taldeek euren ikuskizunak eskaintzeko, zein kanpoko ikuskizunak ekarri ahal izateko.
Batzarrean batutako askoren iritziz, herrian tradizio handiko taldeak daude –Orfeoia, Aritzeta, Musika banda...– "elkarrekin 400 urte ere batzen dutenak", esan zuen herritar batek, baina ez entseatzeko ezta kontzertutarako leku aproposik ere ez dutela azpimarratu zuten, eta emanaldiak Udal pilotalekuan egin behar izaten dituztela. Era berean, ikuskizun ertain-handi guztiak pilotalekuan egiten direla ekarri zuten gogora.
Bestalde, antzoki faltak eragin du askorendako, herriko taldeen dispertsioa eta harreman eza, eta uste dute antzoki berriak taldeen arteko batasuna ekar dezakeela. Era berean, uste dute, aretoak gune bizia izan behar duela, astegunetan etekina aterako zaiona, ez bakarrik ikuskizun egunetan.
Horrekin guztiarekin, beharren zerrenda luzea egin zen batzarrean eta horiek asetzeko antzokiak bete beharreko ezaugarriak ere aipatu ziren, besteak beste hauek: ikuskizun handietarako aretoa eduki behar du, behar bezalako eszenatokiarekin eta aulkiak kentzeko sistemarekin; formatu txikiko ikuskizunetarako zein filmak ikusteko beste areto bat ere izan behar du, aforoa handitzeko zein txikitzeko sistemarekin; mota askotako emanaldietarako baliagarri izan behar da eta soinu, argi... kalitate egokiduna; herriko taldeek entseatzeko aretoak izan behar ditu; tailerretarako gelak; kafetegia; eta aparkalekuak.  

Bigarrena arkitektoarekin

Aztikerreko aholkulariek esan zuten moduan, martitzenean "Olentzerori gutuna idatzi" zioten herritarrek. Hurrengo batzarra martxoaren 23an izango da eta hartara Udal arkitektoa ere joango da, herritarrek adierazitako beharrak asetzeko egon daitezkeen muga arkitektonikoen berri emateko. Prozesua jarraitzeko jo: http://83.246.72.154/bergara/.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak