Herria turismorako erakargarri egiteko plangintza egin du Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko uzt. 26a, 17:05
Udalak Bergarako ondare historiko-artistikoa balio turistikoan jartzearen bideragarritasun plangintza egin du. Herriko ondarea horren aberatsa izanik etekin gutxi ateratzen zaiola uste du gobernu taldeak. Hala, daukagun horri etekina ateratzeko eta ditugun baliabideak ordenatzeko, epe luzerako plan estrategikoa egin du. Baina plan horrek ez du balioko soilik ondarea erakusteko edo ondare hori balio turistikoan jartzeko; bergararron beharrei erantzuteko moduko plana ere izatea nahi du gobernu taldeak.

Horretarako, iaz, Stoa enpresa espezializatua kontratatu zuten eta urte hasierarako prest zeukan plana; Bergarako ondare historiko-artistikoa balore turistikoan jartzearen bideragarritasun plangintza deritzona, hain justu ere. Stoari dagokionez, enpresa horrek egin ditu, besteak beste, Ignaziotar Lurraldea proiektua, Eibarko Armen Museoa eta Jaengo Baeza eta Ubeda herrietako proiektu kulturalak.
Proposamenaren lanketa teknikoa Stoak egin badu ere, Udaleko Ondare batzordeko kideek zein alderdi politiko guztiek izan dute euren ekarpenak egiteko aukera. Hain zuzen, urte hasieran aurkeztu zizkieten Udaleko alderdi guztiei emaitzak. Horrekin guztiarekin, gaur, astelehena, ohiko osoko bilkurara eramango du plangintza gobernu taldeak, udalbatzaren onarpena jasotzeko.

Bi arlotan banatuta

Nagusiki bi esparrutan banatzen da Stoak egindako proposamena: batetik, herrian dauden eraikinen banaketa egiten dute eta horietako bakoitzean ze kultura ekipamendu jar daitekeen proposatu; bestetik, hori guztia gauzatu eta gestionatzeko zer pausu eman behar diren ere azaltzen du.
Eraikinen banaketari dagokionez, Stoarentzat ezinbestekoa da –Udal Gobernuarentzat bezala–, Errege Seminarioa, herriko ondarea eta turismoa balioan jartzeko. Stoaren txostenaren arabera, ezerk bereizten badu Bergara gainontzeko herrietako eskaintza kulturaletik, hori da Errege Seminarioan garatutako historia.
Zientzia eta hezkuntza arloetan, Bergara erreferentzi gunea izan da historian barrena. Esaterako, Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais-ek 1770ean sortu zuen Errege Mintegiaren jarduerari eta ekarpenei esker, Bergara XVII. eta XIX.mendeetako ikasketa eta ikerketa zientifikoaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen.
Antzeko oihartzuna eta pisua izan zuen hezkuntza jarduerak ere. Mendetan Mintegiko eskaintza akademikoa nabarmendua eta bakarra izan da, eta zenbait kasutan aitzindaria; Industria Eskolaren kasua, esaterako. Horrekin batera, pertsonaia historiko ugari ere ibili da Errege Mintegiaren bueltan. Ezin da ahaztu, bestalde, Errege Mintegia kokatu zutela Jesusen Lagundiaren ikastetxea izandakoan, jesuitek 1597an sortua eta 1767an, Espainiatik erbesteratuak izatean, laga zutena.
Horrekin guztiarekin, Stoak argi lagatzen du txostenean herriko ondarea balioan jarri nahi izanez gero, Errege Seminarioan kokatu behar direla hainbat  ekipamendu kultural. Gainera, herriak ekipamendu kultural arloan dituen beharrei erantzungo liekela ere azpimarratzen dute Stoako adituek, eta plaza nagusia eta alde zaharra dinamizatuko liratekeela.

Seminarioa nola ekipatu

Stoak Errege Seminariorako aurreikusi duen ekipamendu kulturala honakoa da: Udal Liburutegia; bisitariendako zentro bat, non azalduko zaien herrian dagoen eskaintza; erabilera askotako areto bat; kafetegi bat; Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais-en artxiboa eta Zientziaren Museoa.
Horrekin guztiarekin, gune turistiko-kultural nagusia San Martin plaza eta haren ingurua –hirigunearen bihotzean– izan behar direla dio txostenak, eta muina, Errege Mintegia. Era berean, ingurune horretan dagoen altxor arkitektoniko eta artistikoari gaur egungoa baino etekin handiagoa ateratzeko moduak ere planteatzen ditu planak (bisita gidatu tematikoak, seinaleztatze eta plaka sistema egokiak...).  

Planaren kudeaketa

Plangintzaren kudeaketa ereduaren kasuan, txostenak dio argi izan behar dela baliabide kulturalen dinamizaziorako ekimen moderno eta bideragarri batek arrakasta izateko erakunde eta gizarte mailako adostasun eta babesa behar duela. Testuinguru horretan, eta herri mailako adostasuna aintzat hartuta, Bergarako Ondare eta Turismo Mahaia osatzea planteatzen du. Izaera juridikorik ez luke izango,baina bai erabakitzeko ahalmena. Mahai horretan batuko lirateke talde teknikoaren laguntzaz eta koordinazioaz, udal ordezkariak, erakunde inplikatuak, enpresetako ordezkariak eta ordezkari zibilak.

Faseka gauzatuko dute

Proiektua gauzatzeko hiru fase aurreikusi dituzte, eta fase bakoitzari bi urte inguru dagozkio. Hala eta guztiz ere, faseok aldaketak izan ditzakete, Seminarioa/Arrizuriaga trukeak baldintzatuta daude-eta, neurri baten.
Lehen fasean (2010-2011)  herriko ondarearen garapen turistikorako egitura operatiboaren oinarriak ezarri beharko liratekeela uste dute: Ondare eta Turismo Mahaia eta zerbitzu teknikoa; irudia eta seinaleztapen plangintza eta lehen ezarpenak; eta ekipamendu berriendako proiektu museografikoak. Prestaketa garaia da, non planifikazioak, programazioak eta finantzazio iturriak bilatzeak pisu handia izango duten.
Bigarren fasean (2012-2013), herriko eskaintza turistiko-kulturalaren antolakuntzaren oinarriak ezartzeko ahalegin berezia planteatzen dute. Aldi horretan espazio turistikoa itxuratuko dute; hala, turismo bulegoa irudi turistiko berriaren arabera atonduko dute, ondare eta turismo seinaleztapena guztiz ezarri eta sustapena eta zabalpena landu. Errege Mintegiko ekipamenduen egokitzapen museografikorako proiektuak aztertzeko garaia ere izango da eta finantzazio eta esku-hartze faseak erabakitzekoa.
Hirugarren fasea (2014-2015), herriko eskaintza turistiko-kulturala sendotzeko fasea izango da, ekipamenduak sortuz eta turismo eta hezkuntza ekintzak programatuz, hau da, turismo eta kultura produktuak gauzatuko litzateke.
Plangintza osoa gauzatzeko sei milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko litzatekeela aurreikusten du Stoako txostenak.

Errege Mintegia, Ilustrazio garaitik kultura, zientzia eta hezkuntzaren mintegi

Kultura, zientzia eta hezkuntza arloetan Bergara erreferentziagune izan da historian zehar eta hori hala izan da, hein handi batean, Errege Mintegiaren jarduerari eta ekarpenei esker. Hala, Bergara XVIII. eta XIX. mendeetan ikasketa eta ikerketa zientifikoaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen. Eta antzeko oihartzuna eta pisua izan zuen hezkuntza jarduerak ere: Nobleen Mintegia, Batxilergoa, Industria Eskola eta abar.
Europako zientzialari ospetsuenekin harreman zuzena izan zuen Errege Mintegiak. Horrek ahalbidetu zuen mundu mailako ikerketak egitea eta, esaterako, wolframioa (gaur egun tugsteno izenaz ezagunagoa) bertan aurkitu izana. 1783an aurkitu zuten. Eta, hala, Bergara  nazioartean ezagutarazi zuten zientzia arloko lehen mailako ekarpen horregatik. Hori guztia nabarmentzen du txostenak.

Bergarako Ideien Hiribildua

Bergarako ondare historiko eta artistikoa balio turistikoan jartzeko txostenak Ideien Hiribildua marka sortu eta garatzen du. Lau multzo tematiko zehazten ditu: Mugimendu Ilustratua (Argien Etxea, Euskal Oxford), Euskal Herriko zientziaren sorlekua (Errege Mintegiko bilduma zientifikoa), Idealistak Bergaran (San Inazioren atzetik eta Zazpiak Bat) eta Eskenatoki Historikoak.

Museoa, Bisitariendako gunea, erakusketa aretoa eta kafetegi tematikoa

Errege Mintegiko museoa eta bisitariendako gunea eraikin berean kokatzea proposatzen du txostenak. Gaur egun UNED dagoen tokian. Sarrera nagusia, oraingo UNEDeko atetik. Bisitariendako gunea (eta erakusketa areto bat) gaur egun UNEDen harrera dagoen tokian eta Museoa eskailerak igota. Ikastolarako sarrera nagusian, ostera, kafetegia (tematikoa izan daitekeena). Hortaz, Aranzadi ikastolak patiotik eta Irala kaletik izango luke sarrera. Horren guztiaren sarreran, hall bat (gaur egun bezala) eta hall horretatik, elizarako igarobidea (UNEDeko liburu-denda zegoen tokitik). Museoak hartuko lituzke UNEDeko lehen, bigarren eta hirugarren solairuak, eta teilatupeak. Hori guztia egin ahal izateko, Errege Mintegiaren fatxada nagusian, dei-efektua indartzea proposatzen du txostenak eta, era berean, gutxienez, Barrenkalea eta San Martin plaza oinezko bihurtzea.

Aretoa eta Udal liburutegia

Txostenak proposatzen du Udal liburutegia (mediateka bihurtuta), eta erabilera askotako aretoa ere Errege Seminarioan kokatzea. Aretoa, gaur egungo elizan, 250 edo 300 lagunendako, eta liburutegia azpiko solairuan. UNEDen liburutegia eta biltegia, eta ikastolako jangela hartuko lituzke, besteak beste, eta Munibe plazatik izango lituzke sarrera eta irteera nagusiak Udal liburutegiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak