Gipuzkoa, Bizkaia y Araba. Del siglo IX hasta 1300: Angel Rekalde.

Maider Arregi 2010ko ots. 17a, 18:44
Bergarako Udalak, 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimenarekin elkarlanean, Euskal Herriaren historia modu sakonagoan ezagutzeko hitzaldi sorta antolatu du datorren martxorako. Hitzaldi horien bidez, gure historian berezko garrantzia izan duten gertaera eta pasarteak aztertuko ditugu, hamarkadetan barna ezkutatuak edo itxuraldatuak izan direnak gehienak.

Bost atal nagusi

Lehenengoan, Nafarroako Erresumak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba galdu zituenekoak azalduko ditu Angel Rekalde idazle eta Nabarralde elkarteko lehendakariak. Gertaera horrek ezbairik gabe baldintzatu du gure herriaren geroa eta, hein batean, euskaldunon aterpe lana egiten zuen Nafarroako Erresumaren amaieraren lehen urratsa suposatu zuen.

Bigarren hitzaldian, Nafarroak bere erresumaren sorreran izaniko bilakabidea aztertuko da. Europan barreiatzen ari ziren giza-antolamendu berrien bideari jarraituz, euskaldunak monarkia baten inguruan sendotu zuten euren egitasmo kolektiboa. Horri buruzko informazio mamitsua emango digu Beñi Agirre irakasleak.

Aipatu egitasmo instituzional horrek iraun zuen, ordea, beste puska batez, nahiz eta inguruko erresumek eragindako presioa etengabea izan zen. 1512ra arte, aske jarraitzen zuten euskaldunek euren proiektu propioa garatu eta nazioarte mailan ahots propioa izaten jarraitu zuten. Fernando Aragoikoak bere armada galantari Nafarroako Erresuma kontrolpean hartzeko agindua eman zion arte. Konkista ez zen berehala gauzatu ordea. 30 urteko erresistentziaren ondoren eman zuten amore nafarrek eta horrekin batera euskaldunon zati nagusia gaztelarren kontrolpean geratu zen. Prozesu hori guztia agertuko digu Mikel Lizasok, 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimeneko kideak.

Alta, Pirinioen bestaldean, gaztelarrek menpean hartu ezin izan zituzten lurraldeak geratu ziren eta frantziarren presiopean izan bazen ere iraun zuten oraindik urte batzuk euren geroa lantzen. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoaz ari gara. Urte horietan estatus eta harreman aldaketa sakonak bizi izan zituzten eta horiek guztiak aztertuko dizkigu Antton Curutcharry historialariak. 1789 frantziar iraultzarekin batera amaitu ziren subiranotasun hondar horiek.

Horrek ez du esan nahi subiranotasuna guztiz galdu zenik. Espainiarren eta frantziarren menpean egonik ere, euskaldunek berezko grina izan dute euren nortasuna eta erabakitzeko gaitasuna bermatzeko. Horren guztiaren berri emango digu Floren Aoiz idazleak.

Hitzaldien egitaraua

Otsailak 24, eguaztena: Otsailak 24, asteazkena: Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren galerarainokoa. IX. Mendetik 1300era.Hizlaria: Angel Rekalde.

Martxoak 3, eguaztena: Iruñeko Erresumaren sorrerarainokoa. Historiaurretik-IX. mendera. Beñi Agirre.

Martxoak 10, eguaztena: Nafarroa Garaiaren konkista. Aitzindariak eta ondorioak. 1512: Mikel Lizaso.

Martxoak 17, eguaztena: Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa Frantziapean: Antton Curutcharry.

Martxoak 24, eguaztena: Soberaniaren aztarnak: Floren Aoiz.

Hitzaldi guztiak Udaleko osoko bilkura aretoan izango dira, 19:00etan.

1512-2012 ekimenarekin elkarlanean

Esan bezala, Bergarako Udalak 1512-2012 Nafarroa Bizirik! ekimenarekin batera antolatu ditu hitzaldi horiek. Aipatu ekimen horrek urte t’erdi inguruko ibilbidea du eta bere helburu nagusia laster 500 urte beteko dituen Nafarroako konkistari buruzko eztabaida mahai-gainean jartzea izango da. Horretarako sentsibilizazio eta dibulgazio lanak izango dira lehentasunetako bat eta hitzaldi sorta hau ildo horretan koka daiteke. Informazio gehiago izateko www.1512-2012.com helbidea bisita dezakezu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak