Gaitz guztiak kentzeko 'zineterapia' eskaini zuen Oihulari Klownek

Arritxu Barruso 2009ko ira. 6a, 22:24
Oihulari Klown taldeko aktoreak Bergarako Zabalotegi aretoan izan ziren azkeneko aldian, ohiko humorearekin, munduan gertatzen diren bidegabekeriak salatu zituzten Jaque antzezlanarekin: giza eskubideen urraketak, borroka armatuak edo berotze globala, besteak beste. Virginia Imaz mezu probokatzaile batekin dator oraingoan ere: zelako zaila den zineman ere emakume izatea. Zinemaren historiako film esanguratsuenen errepasoa eginez, 'Ezineman' antzezlanaren benetako helburua da zinemaren historian emakumeek filmetan bete dituzten paperen kritika ironikoa egitea.

Puxika (Anduriña Zurutuza) eta Katiuska (Amaia Arriaran) medikuak dira Ezineman antzezlanaren protagonistak. Zineterapian espezialistak dira; aldarte guztietarako erremedio bat daukate, film bat.


Horixe izan zen, hain justu, Puxika eta Katiuskaren helburua egubakoitzean: Zabalotegi aretora joandakoei tristurak eta ondo ezak kentzea. Helburua lortu zuten; Zabalotegira hurbildutakoek ordubete eta erdiz, behitzat, seguruenik tristura eta arazoak alde batera utzi zituzten. Antzezlana hastearekin bat hasi ziren ikusleen barre algarak eta zenbait momentutan aktoreak eurak ere ezin izan zioten barreari eutsi. Ohilari Klownek, beste behin, ikusleak bereganatu zituen; horren seinale, antzezlanaren amaieran jasotako txalo zaparrada itzela.


Charlie Chaplin izan zen zinemaren historiaren errepasoa edo zineterapia hasi zuen pertsonaia eta ondoren etorri ziren Lo que el viento se llevo, El quinto elemento, Cabaret, Grease edo Catwoman filmak.

Estreinaldia

De pelicula antzezlanaren euskarazko bertsioa da Ezineman eta oraingoan ere Oihulari Klownek bergararrei eskaini nahi izan die lehenengo emanaldia. Gaztelerazko bertsioa Andorran, bi urtean behin, egiten duten pailazo emakumeen nazioarteko jaialdian estreinatu zuten (¡Payasas Unidas!). Jaialdi honen helburua da umorezko antzerkiaren munduan emakumeen lana errebindikatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak