Fanfarre sinfonikoa, kolpatzeko eta zanpatzeko

Jon Berezibar 2009ko ira. 13a, 23:33
Ikus-entzulea uzkurtuta uzteko osagai guztiak ditu Tirri-Tarra fanfanfarreak: metal talde indartsua, 45 ahots ikaragarri (Bergarako orfeoia eta Aritzeta abesbatza) eta orkestra (Soto Vocce). Emaitza, espero zitekeen moduan sinfonikoa izan zen, handia, kokiltzekoa eta elementu horiek guztia uztarteko ahalegina txalogarria.

Horrenbeste osagairekin ikuskizuna efektiboa ez izatea ia ezinezkoa da baina entsaladetan moduan, konbinazioan dago gakoa eta baita ere gustuetan. Abesbatza, fanfarrea eta orkestra batzeak ere badu beste abantaila bat eta da ikuslea ere edozein motatakoa izan daitekeela. Klasikoenek abesbatza eta orkestrarekin goza dezakete, musika arinagoaren zaleak fanfarrearen erritmo itsaskorrarekin geratuko dira  eta Luz internak hainbeste pasarte eta horren ezberdinak aurkezten ditu ezen edozein musikazale bi orduz aulkian egon daitekeela, kexatzeke. Frontoia, noski, bete egin zen zapatuan eta amaieran ikusleak ere pozik eta ikuskizunaren pasarterik indartsuenak komentatuz. Ahotsek, orkestrak eta fanfarreak bat egiten zutenean belarriak ireki eta ahoak automatikoki zabaltzen ziren. Amaierako txalo zaparrada ere harridura horren tamainakoak izan zen.

Ikuskizuna

Kronikan  entzundakoari ikusitakoa batu behar zaio baina, ezinbestean. Eszenaratzea eta argiztapena ere benetan aipatzekoak dira Tirri-Tarraren ikuskin berrian. Argien joko polita eta ehun bat lagunen bategiteak zanpatuta uzteko moduko efektua sortzen zuten, opera garaikideek egin ohi duten moduan.
Hainbeste musikari, efektu eta jolasen artean baina pisua benetan hartu zuena eta ikuskizunaren gidari izan zena, gitarra elektrikoa zen. Hori ez da baina harritzekoa obraren egileari begiratuz gero. Sergio Zurututza da pieza gehienen egilea eta bera da, hain zuzen, fanfarreko gitarra-jotzailea.

Gailur larregi

Azaldutako elementu horiek guztiak kontutan hartuta ez da arraroa burura datorren lehen izena Mike Oldfield izatea eta zenbait pasartek ezinbestean haren lanetara jotzen dute. Pasarte lasaiagoak ere jo zituzten eta orduan Sotto Voccekoek erakutsi zuten zein xamur, gozo eta eder jotzeko gai diren. Aitzakiarik ez partaide guztien lan bikaina azaltzerako orduan.
Osagaiak aurkeztuta, arestian aipatutako konbinazioa ere aztertzekoa da baina. Intentsitatearen gora-behera jolasa eskaintzen du Luz internak, dramatikoenetik gozora eta alderantziz. Efektu-kolpez baliatzen den obra da eta gailurrak, ezinbestean, abesbatza eta musikariek bat egiten zuten uneak izan ziren. Horixe litzateke Luz Internaren indargune nagusia eta ikusleak zur eta lur uzteko arrazoia. Tontor horiek baina larregitan igo zituzten bi ordutan eta bi igoeraren ostean hirugarren klimaxak grazia galtzen du. Baliteke planteamendu horretaz abusattzea ikuskizunak. Fanfarrearen zuzendariaren istrionismoa ere ez zen oso lagungarri izan. Zalantzarik ez dago halako ikuskizunek antzerki apur bat eskatzen dutela baina zuzendariak keinu, mugimendu eta dantzekin arreta bereganatu eta interesa desbideratzea besterik ez zuen lortu. Interesa abesbatzaren indarrean, orkestraren eztitasunean eta fanfarrearen giharrean zetzan. Horientzat, aitzakiarik ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak