Areto txukuna Legazpiko Latxartegi Antzokia eta bertaratu zen jendeak egoki jantzi zuena. Taula gainean Iñigo Arzelusek honako bertsolariak izan zituen kantu lagun eta era berean txapelketako arerio: Mikel Arrillaga eibartarra, Xabier Sukia oriotarra, Mirari Martiarena oiartzuarra, Beñat Lizaso Azpeitiarra eta Jokin Sodupe Azkoitiarra.
Agurra kantatu zuten lehenengo motorrak berotze aldera eta Iñigo Arzelusek bera entzutera joandako lagunak izan zituen gogoan. Izan ere, koadrilako eta bertso eskolakoak han ziren besteak beste eta pankartarik ere ez zen falta bera animatzeko.
Lan puntuagarriari zortziko handiko ofiziotako ariketarekin ekin zioten. Egunerokotasunak emandako gaiak izan zituzten bertsotarako: adopzioa, Euskal Herriko egoera eta Goenkale. Gaiek horretarako bidea ematen zutelako-edo tonu serioan joan zen zortziko nagusiko ariketa. Goenkaleren gaineko gaiak umorerako aukera ematen zuela zirudien arren ez zuten bide horretatik jo.
Zortziko txikian ere zuzen jardun arren ez zen aparteko kolperik izan. Lanera bizikletaz joan eta euria hasi zitzaien langileen paperean, arropa denda batera beherapenetan soilik joaten den bezero eta dendariaren paperean eta txikiteoan mostoa eskatu eta laguna harritzen duenaren paperean ipini zituen Egoitz Aizpuruk.
Hamarreko txikian gora Hamarreko txikiko ariketetara arte ez zen saioa lehertu baina orduan entzun ziren ale politik. Atzerritik Euskal Herrira etorri eta maitemindu ostean etxera bueltatu behar duenaren lekuan jarri zuten Mikel Arrillaga bikote Beñat Lizasorekin. Lizasok bertso txukunak bota zituen hamarreko txikian. Xabier Sukiak eta Jokin Sodupek ipini zioten umore puntua saioari hamarreko txikian. Enkargatua falta zela eta fabrikan Jokin Xabiri agintzen hasi zela esan zien gai jartzaileak. Adin kontuak eta errespetua aitzakiatzat hartuta elkarri zirika jardun zuten. Mirari Martiarenak eta Iñigo Arzelusek Infernuan egin zuten topo bat bestearen bikotearen maitale izandakoa zen.
Bakarka Kartzelako lana etorri zen saio puntuagarria amaitzeko. Bi punturi erantzuna eman behar izan zieten lehenengo bertsolariek eta ariketa horretan bide bertsutik jo zuten denek. Hiruna bertso botatzeko gaia eman zien Egoitz Aizpuruk gero: “Lore sorta eder batekin zoaz etxera eta giltza ez da sarrailan sartzen”. Emazte edo bikotearekin haserretu ostean barkamen eske joan ziren gehienak. Izan zen beste etxe bateko atearen aurrean zegoela esan zuenik, baina gehienek tonu samurrean kantatu zuten. Xabier Sukiak, gainera, doinu berria plazaratu zuen. Entzuleen barreak Jokin Sodupek eragin zituen. Azkoitiarrak txirrindulari lasterketa irabazi ostean, lore sorta eskutan amaren zain pasa zuen denbora atarian. Mirari Martiarenak ere gurasoen etxetik bota dutenaren lekutik kantatu zuen.
Saioaren amaieran Xabier Sukia izan zen puntu gehien eskuratu zituena, hortaz, hurrengo faserako zuzenean sailkatu dena. Gainontzekoek kanporaketa saio guztietako puntuazioen zain egon beharko dute.
Puntuazioa: Xabier Sukia 266,5 Beñat Lizaso 260 Jokin Sodupe 243 Mikel Arrillaga 243 Mirari Martiarena 216 Iñigo Arzeluz 203
Bergararrak Gipuzkoako Txapelketan estreinako aldia izateko txukun bete zuen bere lana, hainbat huts egin zituen, ordea, eta horrek zail utzi dizkio gauzak txapelketan aurrera egiteko.
Domekan Arrasaten Ibarreko gainontzeko ordezkariek ere aurki dute hitzordua txapelketarekin baita Debagoieneko bertso zaleek ere. Arrasateko kultura etxean domekan, irailaren 30ean, jokatuko da kanporaketa 17:00etan. Ibarreko ordezkari Ainhoa Agirreazaldegi elgetarrak, Aitor Sarriegi, Asier Iriondo, Iker Goñi, Aitzol Barandiaran eta Ander Lizarralde izango ditu lagun taula gainean