Esperientziaren Eskolako lehenengo ikasleek gaur hasiko dute ikasturtea

Leire Kortabarria 2010ko urr. 19a, 15:13
Atzo, martitzena, aurkeztu zuten Esperientziaren Eskola. Miguel Altuna Institutuan izan da -han izango dira eskolak- eta aretoa bete egin zuten Bergarako ikasle berriek eta Arrasaten ikasturtea bukatu zutenek. Agurne Barruso alkateak zoriondu egin zituen ikasle berriak, eta esan zuen "baliabideak mugagabeak ez" izan arren, "Udala bidelagun" izango duela Esperientziaren Eskolak.

Gaur hogeita hamabi erretiratuk hasiko dute ikasturtea Esperientziaren Eskolan. Denetariko gaiak landuko dituzte; normalean, orain arte ikasteko aukera izan ez dituzten gaiak topatuko dituzte. Ikasturte bakarra izango dute, eta bukaeran, proiektu bat egin beharko dute.

Esperientziaren Eskola 50 urtetik gorakoendako eskola bat da; Donostian hasi zen orain 12 urte, eta arrakasta handia izan du antolatu den Gipuzkoako bailara guztietan. Arrasaten 3. ikasturtea hasi dute aurten.

Eskola aurkeztu dute Mugabe elkarteak -luzaroan Bergaran lan egin duen Arantxa Arrieta ordiziarrak hitz egin du Mugaberen partez-, Barruso alkateak eta Miguel Altunako zuzendari Iñaki Larrañagak. Denak "pozik" agertu dira bergararrek Eskolari eman dioten erantzunarekin. Alkateak eskerrak eman die Mugaberi eta Miguel Altuna institutuari; azken horri, erakutsi duen "inplikazioarengatik", eta esan du Esperientziaren Eskola bat datorrela Udalaren hausnarketarekin: "3. adinak emateko asko dauka eta, proposamen hau jaso genuenean, ez genuen zalantzarik izan".

Ibon Bolinaga arrasatearrak, hango Eskolako ikasle ohiak, bera zelan ibili den kontatu die: "Pentsatzen dugu norberak bere lanbideko gauzak bakarrik dakizkiela, baina gero konturatzen gara ondokoak beste gauza asko dakiela". Bolinagak esan du "giro oso polita" egoten dela, eta "parte-hartze handia" egoten dela.

Horrenbestez, Bergarako 32 erretiratuak bihar joango dira ikasgelara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak