Erramu Zapatuko ferian, jende mordoa batu zen eguzkipean

Edurne Burgaña 2007ko api. 2a, 11:06
Aurreko asteko eguraldia ikusita, Erramu Zapatua euripean emango zuten beldur zen jendea. Barikuan bertan, ia atertu barik egon zen egun guztian. Baina zapatuan jaiki, eta berri on bat: eguzkiak, lotsati xamar bada ere, agerraldia egin zuen. Abelburuak, Euskal Labeleko produktuak, makinaria eta artisautza bildu ziren azokan.

Animaliak eta jatekoa

Erramu Zapatuko egunez, urtero-urtero ez bada ere, askotan eguraldi ona egiten du. Eta aurten ere, halaxe izan da. Hori horrela, jende mordoa ibili zen Bergarako kaleetan barrena, feria ikusteko. Abelburuen erakusketa, Euskal Labeleko produktuak, makinaria eta artisautzako produktu asko batzen zituzten postuak jarri zituzten beste behin ere herriko hainbat txokotan.

Animaliak eta janaria elkarrekin dauden feriak gustuko ditugu euskaldunok, eta zapatuan Bergaran antolatu zenak bi ezaugarriak zituen. Animaliak dira jende gehien erakartzen dituztenak. Bergarara etorritakoak ikusita, bat baino gehiago harrituta geratzea ez da arraroa. Aranzadi Ikastolako patioan bildu zituzten animaliok. Batzuk, euskaldunak: azeriak, behiak, pottokak, oilarrak. Beste batzuk, kanpotik etorritakoak: llama, esaterako. Kontuz ibili behar txisturik ez botatzeko aurpegira!

Baina denen artean begirada gehien bildu zituena Robinson abelburua izan zen, duda barik. Akitaniako blonda ikaragarriak 1.700 kilo zituen.
Jatekoa ere ez da ahaztu behar. Goierriko talo egileek frontoi aurrean zuten euren postua, eta han ere ez zen jende gutxi gerturatu. Animaliak eta gainerako postuak ikusi ostean, tripa bete eta indarrak hartu behar ziren, eguna ondo jarraitzeko.

Eta eguna amaitzeko...

Jarduneko trikitilariak aritu ziren kalerik kale giroa alaitzen. Baina soinua eurek bakarrik ez zuten jarri. Zanpantzarrak ere han ibili ziren, batetik bestera.

Arratsaldean, 17:30ean, umeentzako jokoak antolatu zituzten. San Martin Agirre plazan aritu ziren olgetan guztiak.

Eguna amaitzeko, bertsozaleentzako derrigorrezko hitzordua: bertsolari jaialdia udal pilotalekuan. Andoni Egaña, Xabier Paya, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Maia eta Maialen Lujanbio aritu ziren oholtza gainean. Gai-jartzailea Bergarako Bertso Eskola izan zen; gaiak emateaz arduratu zena, Enaitz Alustiza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak