Elhuyar anaiei eta wolframioari buruzko erakusketa udaletxean

Monika Belastegi Aranzabal 2009ko abe. 10a, 10:02
'Zientzia, teknologia eta gizartea Euskal Herrian: elkartea, Elhuyar anaiak eta Wolframioaren isolatzea' izeneko erakusketa dago ikusgai egunotan osoko bilkuren aretoan. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute, Bergarako Udalaren babesarekin, eta hamar panelek osatzen dute.

Aurkikuntza, Bergaran

Zientziak eta teknologiak berebiziko garrantzia izan zuten XVIII. mendeko gizartean. Wolframioa mende hartan isolatu zuten Elhuyar anaiek; 1783. urtean, hain justu, Bergaran, eta garaiko aurkikuntza zientifiko eta teknologiko garrantzitsuenetako bat izan zen. Real Seminario Patriotico Bascongadok Bergaran zuen Laboratorium Chemicum-ean isolatu zuten wolframioa Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek; gaur egun Edel oihal-denda dagoen lekuan zegoen laborategia.

Aurkikuntza haren atzean, espioitza operazio bat ere egon zen eta Itsas Armadako Ministerioak eta Euskalerriko Adiskideen Elkarteak hartu zuten parte.

Aurkikuntza garrantzitsua

Wolframioa garrantzi handikoa izan zen metalurgiaren garapenean, hainbat erabilera eremu dituelako: etxekoak, publikoak, estrategikoak eta militarrak.
Aurkikuntza hark berehala izan zuen oihartzun handia  mundu osoan. Frantziako, Britainia Handiko, Alemaniako eta Suediako aldizkari zientifiko nagusietan argitaratu zuten, eta Encyclopédie-n ere agertu zen.

Horiek guztiak eta beste hainbat zehaztasun eta bitxikeria ezagutzeko aukera egongo da osoko bilkuren aretoan jarri duten erakusketan, hilaren 20ra arte. Hain zuzen, lanegunetan 18:00-20:00 ordutegian eta jaiegunetan 12:00-14:00 ordutegian egongo da ikusgai.

Hitzaldia ere bai

Erakusketarekin batera hitzaldia ere egongo da. Pascual Roman Polo Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Organikoko katedradunak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak egingo du hitzaldia eta landuko duen gaia da Wolframioaren aurkikuntzaren historia eta oihartzunak.

Hitzaldia izango da hilaren 17an, 19:00etan, osoko bilkuren aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak