'El Borono'-ren biografia eman dio dohaintzan haren familiak Udalari

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko uzt. 13a, 10:49
Manuel Villeras Martinez bergararrak idatzitako 'El Borono: biografia de un niño vasco evacuado en 1937' delako liburua jaso du dohaintzan Udalak. Hain justu ere, haren senitartekoek, Arrondo familiak egin du dohaintza hori, Udal Artxiboan kontsultagarri egon dadin. Eta, hain zuzen, hantxe dago dagoneko, irakurri nahi duenarendako.

Bergarako semea 

Manuel Villeras Martinez 1923an jaio zen, Zurraga Behekoa baserrian, eta Bergaran eman zituen lehenengo urteak, 36ko gerra hasi zen arte. Hain zuzen, 1937ko apirilean, gerraren gogortasunaren ondorioz, 4.000 ume erbestera joatera behartuta egon ziren, eta Manolo Villeras haietako bat izan zen. 

Bada, bizipen hori eta gerra garaiko beste hainbat jaso ditu Villerasek liburuxka baten, eta horixe da haren familiak Udalari emandakoa. 

Ingalaterrara erbesteratuta 

Espainiako gerra hasi zenean, Bergara utzi eta Bilbora joan zen ama eta arrebarekin eta handik La Habana ontzian Ingalaterrako Evington koloniara,1937an. Hantxe urtebete eman eta gero, Baionara joan zen Foster Parents Commitee-ren bitartez eta Le Vignau kolonian laguntzen aritu zen –16 urte zituen orduan–, II. Mundu Gerra hasi zen arte. Bergarara itzuli zen orduan.

Soldadutza Iruñean egin behar izan zuen eta epaiketa baten ondorioz, Burgosera bidali zuten. II. Mundu Gerra bukatu zenean, Elizondora bidali zuten eta, han zegoela, muga zeharkatzeko aprobetxatu eta ihes egin zuen.

Baionan zegoela, Eusko Jaurlaritzak antolatutako entrenamendu-gune batera joan zen, Francoren aurka egiteko prestatzen ari ziren gudarostea osatzeko. Egitasmoa bertan behera geratu zenean Bordelera egin zuen ihes eta handik berriz Baionara joan zen.
Gaueko lanetan ibili eta gero, Tarbesera egin zuen ihes eta geroago Frantziako Tolosara. Han, zurgintza ikasketak egin zituen, lanean hasi, ezkondu eta seme-alabak izan zituen eta hainbat lanetan jardun ostean erretiratu, eta iaz  hil zen, abuztuan.
Liburua Interneten ere badago: http://membres.lycos.fr/espana36/borono/boro4.htm

Filmak ere jaso dituzte 

Dohaintza hori udalbatzak onartu zuen azkeneko osoko bilkuran, aho batez, eta Udalak eskertu egiten du dohaintza hori eta hala jakinaraziko dio Arrondo familiari ere.
Bestalde, osoko bilkura berean beste dohaintza bat ere onartu zen, herritar batek super-8n egindako hiru film: amnistiaren aldeko ekintzak (1977), Pazkoetako estanpak (1976) eta Pazkoetako jaiak (1976).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak