San Martin Agirre ikastetxeak bi eskaera egin zizkion Udalari asteleheneko osoko bilkuran: Aranzadiri eskatzea otsaileko udalbatzak onartutako testua sinatu dezala eta Uned patronatuarekin sortutakoa argitzea. San Martin Agirre ikastetxekoen iritziz informazio kontrajarriak argitaratu dira orain arte eta hori argitzeko eskatu diote Udalari, "bestela oso arriskutsua izan daitekeelako etorkizuneko harremanetarako".
Informazio kontrajarri hori ikastetxeen kokapenari buruzkoa da ikastetxe publikokoen esanetan. "Guk diogu 2005ean Bergarako mapa eskolarra definitu zela, Aranzadik erdigunea hartuz eta publikoak Poligonoa. Aranzadik, aldiz, hitzarmena sinatu arte inork ez ziola hori esan adierazi du", azaldu zuen Usoa Urbietak San Martin Agirre ikastetxearen izenean. Gauzak horrela, egoera argitzea eskatu zioten Udalari eta zuzenean, alkateari. Egoera konpondu bitartean Martinez Irala konpartitzeko ahaleginak egitea ere eskatu zioten.
Agurne Barrusok erantzun zien ez bera ez bere taldea ez zela egon negoziaketa horiek egin zirenean eta ez dela pertsona egokiena erantzuteko. Hala ere, aurreratu zuen Udala proposamen bat lantzen ari dela egoera desblokeatzeko, eta ahalik eta lasterren egin nahi dutela: "San Martini, Aranzadiri, Unedi eta Jaurlaritzako Hezkuntza sailari aurkeztuko diogu". Hain zuzen, Hezkuntzak gai honetan zeresan handia duela gogoratu zuen alkateak: "berak utzi zion Martinez Iralaren erabilpena Aranzadiri. Horregatik, eraikin hori konpartitzeko erabakia ere berari dagokio".
Bestalde, aurreko agintaldian Hezkuntzako zinegotzia izan zen Iñigo Iñurrategik "negoziazioak alkateak berak" egin zituela esan zuen baina gaineratu zuen bilera horietan aipatu zela Aranzadik erdigunean izango zituela gela denak egunen baten.
Talde politikoen soldata
Bestalde, asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatu behar zituzten gaien artean zegoen udal talde politikoen aldeko ekarpena onartzea. Azkenean, ordea, gaia atzeratzea erabaki zuten, PSE-EEk horrela eskatuta. Iraileko osoko bilkurako gai zerrendan sartuko dute berriro gaia, ziurrenik.