E Planeko diruarekin Irizar etxea berrituko dute

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko urt. 29a, 11:54
Martxoan hasiko dira lanak eta aurrekontua da milioi eta erdi euro ingurukoa. Udal euskaltegia eta Helduen Heziketa Iraunkorra jarriko dituzte han, konpondu eta gero


Bergarari Madrilek adjudikatu dizkion bigarren Enplegurako eta Tokiko Iraunkortasunerako Fondoko 1.594.151 euroak Irizar jauregia konpontzera bideratuko ditu Udalak. Erabat berrituko dute, eta konpondu eta gero, Helduen Heziketa Iraunkorra (HHI) eta Udal Euskaltegia kokatuko dira XVII.mendean Urrutia-Espilla familiak eraikitako jauregian.  
Bergarako Zetabi Arkitektura Bulegoak egin du proiektua eta Agurne Barruso alkateak zehaztu duenez, asteon bidali dute Madrilera. Orain, Espainiako Gobernuak onartzea falta da aurrera egin ahal izateko. Hain justu ere, prozedura administratibo guztia bukatu eta gero, Irizar berritzeko lanak martxoan hasiko direla aurreratu du Barruso alkateak.

Irisgarritasuna bermatuta

Zetabiko arkitektoek egindako proiektuak bi oinarri nagusi izan ditu: Aldundiaren Ondare departamenduko teknikariek ezarritako irizpideak –eraikinaren barruko distribuzioa eta izaerak mantentzea, babestutako ondare den heinean–, eta hezkuntzarako erabilera izango duenez, bada ezaugarri horiek dituen egoitza baten beharrak asetzea. Bestalde, irisgarritasuna erabat bermatuta izango duela ere aurreratu dute. Hain justu ere, egingo den lan nagusietako bat izango da igogailua jartzea.
Zetabikoek azaldu dutenez, eraikina, oro har, egoera nahiko onean dago, baina egonkortu eta zaharberritu beharra dauka. Zaharberritzeari dagokionez, egurrezko zoru originala txukundu eta mantendu egingo dute, eta baita solairuak lotzen dituen eskailera eta haren baranda ere. Eskailerari dagokionez, sendotzeko, eusteko, beharra dauka eta horretarako baliatuko dira igogailuaz. Erabat kristalezkoa izango den igogailua eskailera-begian jarriko dute eta haren egituraz baliatuz eutsiko dute eskailera. Era berean, etxeak dituen gainerako egurrezko elementuak ere berritu eta mantentzen saiatuko dira. Ezinbestean aldatu beharrekoak baino ez dituzte aldatuko. Aipatzekoa da, bestalde, hirugarren solairuaren gainean dagoen teilatu-hegal tailatuari jatorrizko itsura ere emango diotela.
Sarrera nagusiari dagokionez, balorean jarriko dituzte han dauden elementuak eta arkuaren azpian dagoen egurrezko atea kendu egingo dute, eta kristalezkoa jarri. Bestetik, kalefakzio sistema ere egongo da eta baita segurtasuna bermatzeko suaren kontrako atea jarriko dute solairu bakoitzean.
Kanpoko aldeari dagokionez, leiho eta ateak berritu eta margotu egingo dute etxea.

Etxea, solairuz solairu

Sotoa, behe, lehen, bigarren  eta hirugarren solairuak eta teilatupea ditu etxeak eta honela kokatuko dira han HHI eta euskaltegia: Sotoan bi biltegi egongo dira, Udal Euskaltegiarendako eta HHirendako bana eta instalazioendako gunea. Behe solairuan izango dute bi zentroek bulego bana, biek erabiltzeko bilera gela eta officea eta irakasleendako komunak. Lehen solairua osorik hartuko du HHIk: bost gela eta komunak izango ditu. Bigarren solairuan, berriz, Udal Euskaltegia kokatuko da eta horrek zazpi gela eta komunak izango ditu. Hirugarren solairuan hiru gela –euskaltegiak zein HHIk erabiltzeko–, komunak eta 60 bat lagunendako aretoa egongo dira. Areto hori bi zentroek beharra dutenean erabiliko duten arren, bestelako erabilera bat ere eman nahi dio Udalak: "Edozeinek erabiltzeko moduko aretoa izango da hitzaldiak egiteko, batzarrak,... hau da, kultura etxeko ganbararen osagarri izango da", gehitu du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak