Diputazioak Udalaren esku utziko du San Joxepe elkartearen eraikina

Irati Agirreazaldegi 2008ko uzt. 14a, 12:06
Bergarako San Joxepe erretiratuen elkarteak Boni Laskurain pasealekuan du egoitza. Eraikinaren jabetza Gizarte Segurantzarena da, baina Foru Aldundiari emana dauka. "Orain arte erretiratu etxeak Foru Aldundiaren ardurapean egon dira, baina Gizarte Zerbitzuen legea onartuta pixkanaka egoitzak Udalei pasa dizkie eta orain iritsi da Bergarakoaren txanda; Gipuzkoan aldaketa egiten azkena", azaldu du Roberto Martinez Udaleko Osasun, Enplegu eta Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.

Ardura aldaketak

Eskualdatzearen harira erretiratuen egoitzaren banaketan ere hainbat aldaketa izango dira. Egoitzan daude San Joxepeko kideak eta eguneko zentroa. Roberto Martinezen esanetan, "sinatzear gauden hitzarmenaren arabera Foru Aldundia geratuko da eguneko zentroarekin eta Udala erretiratuen elkarteak erabiltzen duen zatiarekin".

Ekonomia kontuan ere izango du eraginik eraikina Udalaren esku uzteak. "Orain arte gastuen likidazioa Foru Aldundiak Udalari egin dio urte bukaeran. Behin hitzarmena sinatuta Udalak hartuko ditu bere gain gastuak. Gero, eraikina erretiratuen elkarteak erabiliko du. Udalaren asmoa da elkartearekin hitzarmena sinatzea eraikina zein baldintzatan utziko lieketen zehazteko", esan du Roberto Martinezek.

Eguneko zentroa

Hitzarmena uztailean barrena sinatzea da asmoa. " Hitzarmena esku artean dugun bitartean era berean San Joxepekoekin negoziazioetan gabiltza", dio Roberto Martinezek.
Eskualdatzeak ez luke eragin nabarmenik izan behar erabiltzaileengan, baina eguneko zentroa handitzeko egingo dituzten aldaketen ondorioak pairatuko dituzte, San Joxepekoek erabiltzen duten gela bat hartuko dutelako.

Erretiratuak ez daude konforme aldaketa horrekin. Carlos Arrondo San Joxepe elkarteko presidenteak esan digu batzarra egin dutela baina ez dutela akordiorik lortu: "Aldaketa guztiak Foru Aldundiak eta Udalak egin dituzte euren artean. Zer kenduko diguten jakinarazi digute eta San Joxepekook ez gaude ados, hortaz, idatzi bat gertatuko dugu gure jarrera azalduz".

San Joxepekoak ez ados

Carlos Arrondok esan digu, "eraikinaren beheko partean ia erdia kenduko digute eguneko zentrorako. Ez erretzaileen gela moduan ezagutzen duguna, tabernatik aparte dagoena, jendeak erabiltzen du lasaiago egoteko, tabernan zarata gehiago egoten delako. Han 13 mahai daude eta pentsa, zenbat lagunendako tokia kentzen diguten. Bingo saioak eta  erretiratuen batzarrak ere egiten ditugu gela horretan. Ondoan ile-apaindegia dago eta egunero eskaintzen da zerbitzua, eta hori guztia kenduko digute".

1.700 bazkide inguru ditu San Joxepek eta elkartetik zuzenean erretiratuendako zerbitzuak eta jarduerak bideratzen dituzte. "Informatika gela daukagu, eskulanetarako eta pinturarako gela, yoga eta errehabilitaziorako gela, medikuaren kontsulta, podologoa ere egoten da...", azaldu du Carlos Arrondo presidenteak.

Eguneroko aisialdi, hezkuntza eta osasun jarduerez gain, bestelako jarduera bereziak ere egiten dituzte: San Martzial egunean txokolatea gertatu zuten; irteerak egiten dituzte; hamabostaldi kulturala ere gertatzen dihardute...

Euren jardueretarako eraikina ezinbestekoa zaie eta orain Udalarekin adostu beharko dituzte baldintzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak