Bueltan da Bergaran mundua hunkitu zuen 'Miserableak' musikala

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 13a, 11:31
15 urte geroago eta Bergarako Musika Eskolaren 25. urteurrena aitzakia hartuta, 'Miserableak' ikuskizuna interpretatuko du bihar Bergarako herriak. Ikusmin handia piztu du musikalak, eta sarrerak agortzear daude. Hortaz, Udal pilotalekua lepo beteko da egingo dituzten bi emanaldietan: 19:00etan eta 22:30ean. Victor Hugo idazle handiaren 'Les Miserables' (1862) eleberriaren egokitzapena da 'Miserableak' eta aldaketaren bat ezik, 1994ko estreinaldiaren bertsio bera interpretatuko da. Gainera, helduen artean, orain 15 urte protagonistak izan zirenak igoko dira bohar taula gainera.

Itzuli da mundu osoko musikalik arrakastatsuenaren bertsio bergararra. 15 urte geroago, Miserableak ikuskizunak Bergarako udal pilotalekua lepo beteko du bihar –sarrerak agortzear daude–.
Bergarako Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko  ekitaldien barruan antolatu dute Miserableak musikala. Iragana gogoratuz oraina aldarrikatzeko ospakizunik onena da, zalantza barik. Izan ere, 1994ko estreinaldian parte hartu zuten gehienak taula gainean izango dira biharko berrestreinaldian.


Musikal arrakastatsuena
Miserableak ikuskizunak ikusmina piztu du Bergaran, Les Miserables musikalak mundu osoan marka guztiak hautsi dituen moduan. Victor Hugo idazle handiaren Les Miserables (1862) eleberritik datorren ikuskizuna 1985ean estreinatu zen Londresen, eta oraindik ere bertako karteldegian mantentzen da. 15 hizkuntza baino gehiagotara itzulia, hamaika egokitzapen izan ditu.
XIX. mende hasierako miseria eta tristura giroan kokatzen da korapiloa, Frantziar Iraultza osteko Napoleonen garai istilutsuetan. Istorioan behin eta berriz jarraitua den Jean Valjeanen bizitza kontatzen da.

Herritarren parte hartzea
Esfortzu eta gustu handiz egindako lanaren emaitza da Bergarako Musika Eskolaren Miserableak egokitzapena. Hainbat herritarrek hartzen dute parte obran. Taula gainera guztira 45 nagusi eta Musika Eskolako Haur abesbatzako 42 haur igoko dira. 11 pertsonez osatutako talde tekniko baten eta guraso eta herritarren laguntza eskuzabala ere jasoko du ekoizpen musikalak.
Protagonista nagusien paperek aldaketa bakarra izango dute. Lehen Gerardo Mondragonek betetzen zuen Javert inspektorearen papera Karlos Etxanizek beteko du. Pertsonaia aldaketak traman eragina izango du, 1994ko antzezlanean murrizten zen eszena bat osorik interpretatuko baita oraingoan. Hala, Javert-ek bere buruaz beste nola egiten duen ikusi ahalko da. Gainera, Marije Ugalde Bergarako Musika eskolako zuzendariak dioenez, "eszena ez murrizteak dramatismo gehiago emango dio ikuskizunari".
Gainera, biharko emanaldietarako agertokia pilotalekuaren erdian jarriko dute , ikusle guztiek obra osoa ondo ikus dezaten. Hala, pilotalekuak onartuko dituen ikusle kopurua murriztu egingo da, 1000tik 800era. Horregatik egingo dute bi emanaldi: 19:00etan eta 22:30ean.

Gaurko entsegu orokorrean argituko dira kezkak
Nagusiak 2008ko urrian hasi ziren entseguekin. Ordutik igandero elkartu dira Mariaren Lagundiaren eraikineko beheko solairuan. Ugaldek dioenez, "ez da entseatzeko lokal egokiena", baina "ederto" pasa dutela dio. Haurrak urtarrilean hasi ziren entseatzen.
Hala ere, kezka bat dauka Ugaldek: "antzezlana oso ondo entseatuta dago, baina egubakoitzera arte [gaur arte] ez dugu jakingo nolakoak izango diren pilotalekuko baldintzak. Soinuak eta argiztapenak kezkatzen gaitu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak