Bergarako Aranzadi ikastolak Kilometroetako irudia, mezua eta arropa aurkeztu zituen Jam aretoan

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko abe. 4a, 09:27
Argi daukagu. Horixe da Aranzadi ikastolak Kilometroak 2007rako aukeratu duen leloa, eta hura irudikatzeko bonbillaren filamentua. Egubakoitzean aurkeztu zituzten herritarren aurrean Jam aretoan egindako jaialdian. Horrekin batera, udazken-neguko arropak ere erakutsi zituzten, modelo desfile eta guzti. Ordubete pasatxo iraun zuen jaialdiak eta mamitsua izan zen: mezua, logoa eta jantziak erakusteaz gain, bertsolariak, trikitilariak, dantzariak eta musikariak ere egon ziren.

Han batu ginen mila bat herritarrok hainbat gauza oso argi genituela atera ginen Jam aretotik: argi daukagu Aranzadi ikastolak esfortzu handia egin beharko duela urrira bitartean jaia antolatzen, baina argi daukagu, baita ere, ilusioz eta gogoz dihardutela eta indarra badutela.

Ametsa beteta

Julen Osinaga umeak eman zion hasiera ekitaldiari, ilunpean. Bere ametsaren berri eman zigun. Kontatu zigun nola entzun izan dien guraso eta aitona-amonei duela 15 urte Bergaran Kilometroak ospatu zirela eta zein ondo ibili ziren. Bat-batean argia piztu zen berriz: Argi daukagu Kilometroak'07ko leloa irudikatzen duen filamentua ikusarazi zuten, herritarren txalo artean. Osinaga umearen ametsa bete egin da, Kilometroak jaia berriz ere herrian.

Aranzadi ikastolako presidente Angel Mari Egurenek hartu zuen hitza ondoren: "Ikasturte berezi eta itxaropentsua da hau", esan zuen, "herritarrekin elkarlanean jarduteko aukera izango dugulako". Kilometroen helburuak ere aipatu zituen: ekonomikoak batetik, "Errege Mintegiko eraikina berritzen ari garelako". Baina euren nahia haratago doala ere gehitu zuen eta gogora ekarri zuen Aranzadi "herritik sortu zela, herriarendako lanean ari dela eta horretan segi nahi duela".

Herritarra eta espontaneoa

Edurne Azuara eta Oihan Vega aurkezleek esandako moduan, herritarra eta espontaneoa izan zen jaialdia, "Aranzadi ikastola bezala". Parte hartu zuten musika, dantza eta bertsolari guztiak herrikoak ziren; baita modelo lanetan jardun zutenak ere. Arropa eta osagarri oso politak erakutsi zituzten. Haiek eta beste hainbat Barrenkalea 44an egokitu duten dendan aurki daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak