Azoka biziberritzeko lanean dihardu Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko uzt. 9a, 14:49
Azokaren gainbeherari buelta emateko proiektua eta baserriko produktuen azterketa esleitu dizkiote EHNEri

Azkeneko urteetan azokak izan duen beherakadaz kezkatuta, hura berpizteko azterketa egin dezala eskatu dio Udalak EHNEri, Euskal Herriko nekazarien elkartasunari. Horrekin batera, herriko nekazaritzaren egoera azter dezala ere eskatu diote, eta Pedro Alberdi teknikariak dagoeneko badihardu zeregin horretan.
"Bi helburu daude ekimen honetan", dio Alberdik. "Batetik, azoka dago. Eraikina ia hutsik dago eta helburua da hari erabilera ematea eta hori nola egin daitekeen aztertzea. Horretarako, herriko baserritarrengana hurbildu nahi dugu eurekin dinamika bat sortzeko. Hau da, azokarako proposamen zehatza egin nahi dugu herriko baserritarrak aintzat hartuta; eurek ekoiztutakoa herrian saltzea litzateke helburua. Kontua ez da azoka edozerekin betetzea, baserritarrendako onura bilatzen dugu".

Lana, epeka

Lan hori guztia epeka egingo dute eta lehenengoa abiatu berri dute, ekarpenak jasotzea, hain justu ere. Ekoizleekin batzartuko dira, eta kontsumitzaileei ere inkestak egingo dizkiete, azokaren gaineko galderekin. Izan ere, jendearen kontzientziazio maila zein den jakin gura dute azokaren gainean zein baserriaren gainean. 
Datuok batu eta gero, ondo aztertu eta proposamena egingo dio Udalari Alberdik.

Kontsumo taldea

Aldi berean, kontsumo taldea jarri nahi dute martxan; ekoizle eta kontsumitzaileak batuko dituen kooperatiba, hain zuzen ere. Zuzeneko salmenta modu horretan taldeko baserritarrek astero otarre bat prestatuko lukete eta erosleak horixe jasoko luke etxean. Otarreak sasoiko produktuak jasoko lituzke, guztiak herrian ekoiztutakoak; askotariko barazkiak, esnea, arrautzak, ogia, sagardoa... –beti ere ekoizle motaren arabera.
EHNEko teknikariak azaldu duenez, ekimena ez da zerotik abiatuko: "Badakit badirela lau ekoizle kontsumo taldean parte hartzeko interesa dutenak, eta egon daitezke gehiago, oraindik deialdirik egiteke dago-eta. Bestalde, parte hartuko luketen erosleak badirela ere badakit. Arrasaten, esaterako, bada halako kontsumo talde bat eta Bergarako erosleak daude. Bada, Bergaran taldea eratuko balitz  bertoko kide egingo lirateke". Ekimena gauzatu ahala kontsumitzaileei ere dei egingo diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak