Asteon hasi berri dira kanpoko igerilekuko lanekin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko urt. 9a, 11:00
Eguaztenean hasi zituzten Bergarako kanpoko igerilekuko lanak; eta, dena ondo badoa maiatzaren 29rako bukatuta egon beharko dute lanok. Hori da Martin Etxeberria Bergarako kirol zinegotziak esan diguna. Eguraldi ona egitea ezinbestekoa da lanak aurrera eramateko; hortaz, eguazteneko eguraldia ez zen aproposena izan lanokin hasteko. Batez ere hondeatze lanetan garrantzitsua da eguraldi txarrik ez egitea.

Gaur egun berdegunea dagoen tokian egingo da 380 metro koadroko igerilekua. Esan behar da igerilekuak lau gune izango dituela, hiru jolasguneak izango dira eta beste bat igeri egiteko gunea. Igerilekuak zortzi kaleko igerileku baten tamaina izango du.

Jolasa eta kirola

Lehenengo jolaslekuan sei metro garaierako txirrista egongo da. Bigarren jolaslekuak sakonera txikia izango du eta etxeko ume txikientzat izango da. Gune horretan ere txirrista bat egongo da. Hirugarren gunea ur azkarretan jolasteko ibai antzerako bat izango da. Laugarren gunea, erdiko gunea, igeri egiteko aproposa izango da. 1,20 eta 1,40 metroko sakonera izango du igerilekuak toki horretan.
Lanek ez dute barruko igerilekuko egunerokotasunean eraginik izango, eta gaur egungo martxarekin jarraitu ahal izango dela azaldu digu Etxeberria zinegotziak.

Estaltzeko oinarriak

Etorkizunean kanpoko igerilekua estaltzeko aukera aurreikusi dute Udaleko eta kiroldegiko arduradunek, eta horren araberako proiektua egin du Antzibar enpresak. Izan ere, beste herri batzuetako igerilekuak aztertu dituzte eta konturatu dira etorkizunean estaltzen hastea oso zaila dela. Etxeberriak hauxe dio: "Ez baduzu dena prest uzten estaltzeko, gerora oso zaila da estaltzea; hortaz, dena prest utziko dugu egunen batean estaltzea gura bada modu samurrean egiteko".
Bergarako Udalak, inbertsioaren garrantzia kontuan hartuta, ahalik eta etekin handiena atera gura dio lanari. Hala, igerilekua estaltzeko itxiera sistema izango du igerilekuak. "Igerilekuaren aldamenetan jarriko dituzte zutabeak", azaldu du Etxeberriak. Zutabeek honoko neurriak izango dituzte: bost metro garai, 5,4 metro zabal eta 35 metro luze. Zutabe horien gainean errailak egongo lirateke, igerilekua estaltzeko plakak desplazatzeko; eta alboak ere tapatu egingo dira. Modu horretan, gaur egungo eraikinaren fatxadara iritsi ahal izango da estalkia.

Dutxatik pasa beharra

Kanpoko igerilekua 0,80 metroko garaiera izango duen hesi batek itxiko duen eremu barruan egongo da, eta igerilekutik hesira bitarteko tartean barruko igerilekuan dauden moduko baldosak egongo dira. Hesi hori puntu baten bakarrik egongo da zabalik, eta hortik pasa beharko dute berdegunetik igerilekura doazen guztiek. Pasabide horretan putzu bat eta dutxa egongo dira; modu horretan, guztiak busti beharko dute alde batetik bestera pasatzerakoan.
Bestalde, barruko eta kanpoko igerilekua lotuta egongo dira; izan ere, barruko igerilekuko alboetako kristalak zabaltzeko aukera egongo da.

Berdegunea, errespetatuta

Gaur egun 3.500 metro koadroko berdegunea du igerilekuak, eta lanen ondoren ere berdeguneak azalera bera izango du, baina beste era betara antolatuta. Ipintza futbol zelai osteko gunera eta saihesbide azpira hedatuko dute berdegunea edo solariuma.
Igerilekuak bi sarrera-irteera izango ditu: berdegunetik nagusia eta barruko igerilekutik bestea. Urtean zehar 800 erabiltzaile ditu Agorrosinek, eta udan 1.300 inguru izaten ditu.

Abonua

Oraingoz ez dute abonuan aldaketarik egitea aurreikusi Udaleko ordezkariek. Aurrerantzean funtzionamendu bera izango du Agorrosinek bergararrentzat; baina ibarreko gainontzeko herrietako abonatuekin zer egin pentsatzen dabiltza. Adibide bezala, abonu-mankomunatuak bi aukera eskaintzen ditu Arrasaten: gune bustia eta gune lehorra.
Agorrosin kirol guneko bazkideek 18 euro ordaindu beharko dute hilero, orain arte bezala, bainuetxeko zerbitzua erabiltzeko aukerarekin. Bestalde, 15 euro ordaindu beharko dute bainuetxerik gabe. Bergaran dagoen hilero-hilero ordaintzeko sistemarekin, urteko zenbait hiletan bazkide izateari uko egiteko aukera dauka Agorrosineko erabiltzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak