Asteburutik aste barrura San Martin jaietan bueltaka

Irati Agirreazaldegi 2009ko ira. 14a, 00:29
Esaerak dio San Martinetan hasten dela negua, baina Bergaran, aste bukaeran, neguko eguraldirik ezean jaiak gozatu dituzte. Eguaztenean, irailak 16, da San Martin eguna eta bezperan, martitzenean, egingo da nagusien danborrada jendetsua. Eguaztenean izango da umeen txanda. Hemen duzue aste bukaeran izan denaren laburpen bat.

Zapatu goizean jende mordoa ibili zen batik bat San Martin plazan eta Seminarioko patioan. Izan ere, han zeuden azokako postuak. Barazki, fruitu, gazta, pastel, ogi, kontserba… denetarik erosteko aukera zen.

Saltzaileen esanetan ohiko bezeroak izaten dira fidelenak eta beste asko begiratzera joaten dira. Baina begira geratze hutsarekin ez da sabela betetzen eta odoloste zein talo izan zen jateko aukerarik. Baserritarrek generoa ekarri bakarrik ez, lehiaketetan ere hartu zuten parte eta ibarrean ere geratu zen saririk. Barazkietan Antzuolako Lapatza baserriko Tomas Larrañagak bigarren saria irabazi zuen; fruituetan Antzuolako Bidaurrekoek lehen saria; eta gaztetan lehen hiru sariak kanpora joan baziren ere Pikunietakoak laugarren geratu ziren.

Azokako generoa eta jana

Erosketak eginda bazkaritarako gertu joango ziren etxera batzuk; beste batzuk, ordea, Irala kalean txomingeroen pare bazkaldu zuten: eguzkitarakoak, parrillak, hozkailuak eta batik bat lagun giroan jateko gogoa eraman zituzten. Giroa lagun arteak ez ezik Ustekabe txarangak ere ipini zuen. Eta zapatuan nahikoa jan ez zutenek domekan Tostoi eta Erreilenoen kofradiak beste herrietatik etorritako kofradiekin egindako martxan izan dute gustuko jakia aukeratzeko modua: gazta, bakailaoa, izokina, piperrak… Baita orkestra sinfonikoko soka taldearen doinuen ostean, erreilenoak jatekoa ere.

Kofradiaren hamargarren kapituluan Mikel Laskurain, Anne Bernaerts belgiarra, Jesus Mari Lazkano margolaria eta Edu Muruamendiaraz dantzaria egin dituzte ohorezko kofrade. Laurek hunkituta Bergararen izen ona eta erreilenoak eta tostoiak nonahi zabalduko dituztela zin egin dute eta herriko gozoen zale direla aitortu ere.

Jolasak nahi beste

Jai giroak janetik ez ezik jolasetik ere badu. Txikienak eskulanak egiten, aurpegia margotzen makilekin jolasean... Bitartean makilari bueltaka ibili ziren nagusiagoak, baita lurrean bueltaka zein lurreko patata batetik bestera eraman nahian dantza itxurak egiten ere. Patatarekin batzuk eta zezen aurrean besteak. Seminarioan zezen aurrean kapote eta guzti ibili zenik izan zen. Domeka goizean zezen handiagoen aurrean baten batek susto galanta hartu du, zezenak Kutxako kristala apurtu eta harrapatu duenean. Gaur ez da dantzarako gogoz egongo gaztea, ez. Dantza nahikoa egindakoak zapatu gauean plazako erromerian, rock kontzertuan edo tabernetan ibilitakoak izango ziren.

Txaranga, erromeria, biolin, txistu, dultzaina, oihu, kristal… askotariko musika eta hotsak entzun dira San Martin jaietako lehen asteburuan, baina Bergaran jaietan bueltaka ibili eta aspertu ez direnek edo oraindik jairako gogoa dutenek aste barruan ere izango dute gozatzeko aukera: pilota partiduak, danborradak, dantzaldiak, zezenak, bandaren kontzertua, dantza solte txapelketa, motokrosa, txirrindularitza, xakea… gustu guztietarako eskaintza zabala.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak