Aspanovasen eskutik haur festa bihar Bergaran, minbiziari aurre eginez

Edu Mendibil 2007ko abe. 14a, 11:59
Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak, Aspanovasek, haur festa iragarri du biharko, zapatua, Bergaran. Nekane Lekuona Aspanovaseko gizarte laguntzailearen hitzetan, "haur minbizidunen eta ez minbizidunen arteko harremanak bultzatzea da helburua. Aldi berean, gure elkarteko haurrei zein Bergarako gaztetxoei une entretenigarriez gozatzeko aukera eman nahi diegu zapatuko jardunaldian".

Festa udal pilotalekuan

Haur festa, esan bezala, Bergarako Udal Pilotalekuan ospatuko da: 16:30etik 19:30era hainbat ekitaldi egingo dituzte: haurrendako tailerrak izango dira Jardun euskara elkartearen eskutik, 17:30ean Eriz magoak emanaldia egingo du, jarraian jolasean eta kantuan arituko dira partaideak eta, azkenik, 19:00etan Aspanovas elkarteak antolatutako IX. Gabonetako postal lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Festari bukaera emateko merienda eskainiko da eta Gabonetako hainbat abesti eskainiko dituzte neska-mutikoek.

Gipuzkoa osoko ume eta gurasoak batuko dira zapatuan Udal Pilotalekuan. Gaur egun 87 familia daude Aspanovas elkartean, tartean Debagoieneko zazpi. Nekane Lekuonak azpimarratzen duen moduan, "minbiziaz modu naturalean berba egin nahi dugu eta poliki-poliki gai honekiko sentsibilizazioa piztea da gure asmoa. Horretarako Gipuzkoako bailara ezberdinetan ekintza ezberdinak antolatzen jarraituko dugu. Dramatismo apur bat kendu nahi diogu haurren minbiziaren gaiari, azken baten, medikuntza mailan emandako aurrerapenei esker minbizia jasaten duten haurren %75 sendatu egiten da gaur. Itxaropentsu egoteko moduko datua da. Zapatuko moduko jaiak oso baliagarriak dira guztiontzat".

Ateak zabalik Aspanovasek

Haur minbizidunen integrazioa bultzatzearekin batera, elkarte bera ibarrean ezagutzera eman nahi dute biharko jaiarekin. Aspanovasek arreta integrala eskaintzen die horrelako kasuren bat jasan behar izaten duten familiei. Halako arazoren bat duten ia ehuneko ehun elkarteko kide dira.  Gurasoek beraiek sortutako elkartea da eta, besteak beste, laguntza psikologikoa eta terapia taldeak eskaintzen ditu.

Elkartearekin boluntario talde bat ari da elkarlanean. Aspanovasekin hartu-emana izateko interesa dutenek haien webgunera jo dezakete: www.aspanovasgipuzkoa.org.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak