Aitor Borobia: "Txapelketa oso gogorra da, borrokak KOra erabakitzen dira-eta"

Xabier Urtzelai 2008ko mar. 28a, 13:12
Bihar (17:00) egingo dute Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian Espainiako shinkyokushinkai txapelketa; Gipuzkoako bi karateka baino ez dira izango lehian, biak bergararrak

Karatea gurean oso errotuta dagoen borroka-artea da, ibarrean bertan hainbat talde daude-eta. Baina eskola bakoitzak bere modalitatea du, eta Bergarako Bolu gimnasioan shinkyokushinkai delakoa egiten dute, borrokara bideratuta dagoen karatea.
Hain zuzen ere, bihar egingo dute Gasteizen modalitate horretako Espainiako Txapelketa, knock-out-ean (KO) erabakitzen dena, eta Bergarako Aitor Borobiak (1979) eta David Tabaresek (1977) ordezkatuko dute Gipuzkoa. Ez dute karateka askorik parte hartuko, txapelketa gogorra delako. Hala, bi karateka horiek GOIENKARIArekin izan dira, txapelketa aurretik bizi dutena kontatzen.


Modalitate gogorrena
Tabaresek eta Borobiak Carlos Albisua eta Aitor Albisua senseien gidaritzapean egiten dute karatea. Borobiak urte asko daramatza borroka-arte hori praktikatzen: "Uste dut 1999an federatu nintzela, baina lehenago hasi nintzen karatea egiten". Tabaresek, berriz, bost urte daramatza, baina urte horietan dedikazio handia eskaini dio zaletasun horri: "Izan ere, niretako zaletasuna da, eta gutxitan egin dut entrenamenduren batera kale, gaixorik nengoenean-edo...".

Karatea kirola egiteko modu bat da, baina askoz ere haratago doa, diziplina handia eskatzen duen zaletasuna delako. Hori gutxi balitz, Borobiarendako shinkyokushinkai modalitatea karateak duen gogorrena da: "Borrokara bideratuta dagoen artea da, prestakuntza handia eskatzen du, bai fisikoki eta baita psikikoki ere". Hori horrela, biharko txapelketan ez da bromarik izango: "KOan erabakitzen den txapelketa da. Borroka bakoitzak hiru minutuko iraupena du, eta guk ez dugu babesik erabiltzen. Horregatik, txapelketan zehar kolpe gogorrak hartzen ditugu: ukabilkadak, ostikoak, belaunekoak...". Hori horrela, Bergarako bi karatekek argi dute kolpeak ondo jasatean dagoela gakoa: "Borroka bakoitzean eman egiten da, baina duda barik, eman baino kolpe gehiago jasotzen dira, eta horiek ondo jasan behar dira, hor dago gakoa", dio Borobiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak