Agintaldia amaitu aurretik egongo da prest erabilera askotariko antzokiaren proiektua

Monika Belastegi Aranzabal 2010ko api. 26a, 13:23
Era berean, Seminarioko lur azpian aurreikusita dauden aparkalekuak kontzesio sistema bidez egitea aztertzen dihardute

Erabilera askotariko antzokiaren funtzio eta antolaketa fisikoa diseinatzeko prozesu parte-hartzailea amaitu da. Hiru batzar egin dira prozesuaren barruan, azkena aurreko martitzenean, eta herritarrek eta Udalak berak positiboki baloratu dute. Barruso alkateak hala esan du: "Balorazio oso positiboa egiten dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu dutenei. Izan ere, oso garrantzitsua izan da haien ekarpena antzokiaren diseinuan asmatzeko".

Espazioa, definituta

Batez beste, 50 herritarrek hartu dute parte batzarrotan; kultura sortzaile, ekoizle eta kontsumitzaileek. Lehenengo bi batzarretan, instalazio arloan dituzten beharren zerrenda osatu zuten, eta, behar horiek asetzeko beharrezkoak diren espazioen zerrenda egitearekin batera, espaziook garrantziaren arabera antolatu zituzten. Aurreko martitzenean egindako azken batzarrean, antzokiarendako ezinbesteko jotzen dituzten espazioen zerrenda osatu zuten, garrantzia hori argudiatuta eta espazio horiek gaur egun alternatibarik duten aipatuta.
Hala, honako espazioak behar direla ondorioztatu zuten: 600-800 lagunendako lekua eta kamerinoak izango dituen erabilera askotariko antzokia –hori izango da espazio zentrala– eta eragile kulturalek entseatzeko gelak, kontuan izanda jarduerak –musika, antzerkia, dantza...– eta tamaina handiko jarduerak direla, gainera –instrumentu handiak, abesbatza handiak, dantza akademia...
Zerrendan zeuden arren, ez ziren lehentasun kontsideratu balizko antzokitik kanpo alternatiba badutelako (Zabalotegi, kultura etxea eta Aroztegi): erakusketa gela, materiala gordetzeko zein artxiborako gelak, Udaleko Kultura Sailerako lekua, bileretarako gela, tailer eta ikastaroetarako gelak, kafetegi-jatetxea eta auditorium txikiago bat.

Jarraipen batzordea eratuta

Hurrengo urratsa ere zehaztu zen azken batzarrean. Hain justu, Udala konprometitu zen agintaldia amaitu aurretik proiektu urbanistikoa eginda lagatzeko. Eta horrela denean –6-8 hilabete–, prozesuan parte hartu zuten herritarrei, zein gainontzekoei, proiektua aurkezteko batzarra deituko dutela azpimarratu zuen Barruso alkateak.
Bestetik, proiektu urbanistikoari jarraipena egingo dion  batzordea ere eratu zuten; 20 bat pertsonak hartuko dute parte.

Aparkaleku beharra

Herrian dagoen aparkaleku arazoaren haritik, antzoki berriaren "aurreproiektuan, behintzat", lur azpiko aparkalekuak jasotzeko proposamena ere egin zuten herritarrek martitzenean, "gero egingarria ez bada ere". Horren haritik, Barruso alkateak Seminarioko lur azpian aurreikusita dauden aparkalekuak ekarri zituen gogora eta azaldu zuen "kontzesio sistema bidez egitea aztertzen" dihardutela eta datorren astean horretan diharduen enpresa batekin hitzordua dutela. Hala eta guztiz ere, ezkor azaldu zen alkatea: "Dagoeneko hainbat enpresarekin egon gara eta esan dute kontuan izanda Bergarak duen masa kritikoa eta aparkalekua ez ordaintzeko kultura, ez dela bideragarria". Eta Azkoitiko adibidea ere jarri zuen: "Azkoitian ere erantzun bera jaso dute eta orain beste alternatiba bat aztertze dihardute: doako AOT sistema". 
Seminarioan lur azpiko aparkalekuak egin ahal izatea "oso zail" ikusten du alkateak. Izan ere, egiteko modu bakarra "Udalak kosteatzea" dela aurreratu zuen alkateak, baina gaur egun Udalak horretarako dirurik ez duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak