Adostasunik ez plenora begira

Edu Mendibil 2008ko ots. 11a, 00:14

Gaur, astelehena, ez ohiko osoko bilkura izango da udaletxean, joan den egubakoitz gauerdiko Epaitegiaren kontrako erasoa aztertzeko. Goizean zehar jakingo da zenbat mozio aurkezten dituzten udalbatza osatzen duten alderdiek. EAE eta Aralar batetik, EAJ eta EA bestetik eta PSE-EEk bere aldetik mozio ezberdinak aurkez ditzakete gaur. Osoko bilkura 19:00etan izango da.

Agurne Barruso Bergarako alkatearen hitzetan, "saiatuko gara Aralar alderdiarekin batera mozio bakarra adosten eta egoera guztia jasotzen, egueneko erasoa zein Garzon epailearen aginduz EAEren jarduerak eten izana". Bergarako alkateak ez du nahi izan Epaitegiaren kontrako atentatua baloratzerik: "asteleheneko osoko bilkuran emango dugu gure iritzia eta bien bitartean ez dugu adierazpenik egingo", esan digu Agurne Barrusok.


Mozio bat baino gehiago izango da aztergai gaurko udalbatzarrean; ziurrenik udal gobernua osatzen duten EAE eta Aralar alderdiek elkarrekin mozio bat aurkeztuko dute (gaur 9:00etan bilduko dira testua adosteko); EAJk eta EAk beste bat landuko dute; eta, azkenik, PSE-EE alderdiak beste testu bat eramango du osoko bilkurara. Egoera berezia izanik, ikusteko dago zer nolako prozedura jarraitzen duten gaurko bilkuran. Ez dago argi zein alderdik deitzen duen gaurko bilkura, udalbatza osatzen duten alderdi guztiak ados zirelako ez ohiko bilkura deitzeko. Normalean, osoko bilkura deitzen duen alderdiaren testuari mozio alternatiboak aurkezten bazaizkio, mozio alternatiboak bozkatzen dira lehenbizi. Edozein modutan, Udaleko idazkariarekin lotuko dute gaur plenoaren prozedura.

EAJ, EA eta PSE-EE alderdiak osoko bilkura zapaturako deitzen saiatu ziren egubakoitz iluntzean, gaiaren larritasuna kontuan izanik, baina EAEk eta Aralarrek udalbatzarra gaurko atzeratzea erabaki zuten.

Elkarretaratzea zapatuan

Zapatu eguerdiko elkarretaratzean, EAE izan ezik, udalbatzako alderdi guztiak izan ziren ordezkatuta. Era berean, Miren Azkarate Kultura sailburua, Aralarreko Rebeka Ubera batzarkidea eta Oxel Erostarbe Gipuzkoako koordinatzailea eta Mikel Arana EBko kidea gerturatu ziren Bergarara. Horiez gain, hainbat herritarrekin batera, Imanol Bolinaga eta Victoriano Gallastegi Bergarako alkate ohiek hartu zuten parte ordu laurdenez eta isilean egindako bilkuran.
Udal gobernuak testu bat kaleratu zuen egubakoitz iluntzean, gainerako alderdiekin egindako bileraren ostean. Lehen puntuan zera zioen udal gobernuaren testuak: "Biharko [zapatuko] eguna Justizia Jauregiari egindako erasoan eragindako bergararrekin egoteari eta behar duten laguntza emateari dedikatuko diogu".

Kaltetuak, ertzainetara

 

Aentatuarekin kaltetutakoak deitu zuen Udalak bilera baterako zapatu goizean. 45 lagun inguru elkartu ziren Agurne Barruso alkatearekin eta Udaleko beste zenbait ordezkarirekin. Oraindik goiz da eragindako kalteak zenbatzeko. Edozein modutan, afektatuek Ertzaintzaren komisarian egin beharko dute salaketa eta aseguruen partzuergoa arduratuko da kalteak ordaintzeaz. Hainbat herritar kexu ziren Udalak kaltetuei zuzendutako bulego bat zabaldu ez izanagatik. Agurne Barruso alkateak zera esan digu: "Egubakoitzean 08:00etan bildu ginen Ertzain-buruarekin, eta hark esan zigun nahiago zutela horrela egitea, alegia herritarrak zuzenean komisariara joatea. Astelehenean Barne Sailarekin berba egingo dugu prozedura zehazteko". Bestalde, Epaitegiko lanak martxa onean dihoaz eta gaur bertan, astelehena, lan egingo dute han. Atzealdean egokitu dute sarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak