Estreinatzeko prest daude baldosarik gabeko Euskadiko lehen igerilekuak

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko ira. 15a, 14:07
Zapatu eguerdian inauguratuko dute Agorrosin. Gipuzkoako Aldundiko eta Udaleko ordezkariak etorriko dira. Astelehenetik aurrera, 07:00etan zabalduko dute erabiltzaileendako.

Zazpi milioi euro eta urte eta erdi eraikina egiteko

Zazpi milioi euro eta urte eta erdi eraikina egiteko

Zapatuan inauguratuko duten eraikina zazpi milioi euro kostatu da guztira, 480 euro herritar bakoitzeko, gutxi gorabehera. Kopuru horretatik bi milioi euro Gipuzkoako Aldundiak jarri ditu eta gainerakoa Udalak. Datorren udaberrian zabalduko duten bainuetxea egiteko ia milioi bat euro beharko dituzte eta beste 400 milioi euro hurrengo udan zabalduko duten kanpoko ingurua txukuntzeko.

Udalak kudeatuko du

Udalak kudeatuko du zuzenean Agorrosin. 33 langilek egingo dute lana; horietako batzuk udal langileak izango dira eta beste batzuk enpresatako langileak, orain arte bezala.

Bi kirol bulego eta ordutegi zabalagoa hemendik aurrera

Kirol zerbitzuko langileak Agorrosinen egongo dira hemendik aurrera. Hantxe egongo da herritarrendako arreta bulegoa eta hara joan beharko dira bazkide egiteko, ikastaroetan izena emateko edo herriko kirol eremuak alokatzeko, frontoiak adibidez (943 77 70 95). Udaletxean, elkarte, enpresendako eta ikastolendako arreta bulegoa egongo da eta eskola kirol teknikaria eta kirol teknikaria egongo dira udaletxeko bulegoan (943 76 91 67).

Ordutegiari buruz, astelehenetik egubakoitza arte 07:00etatik 22:00etara egongo da zabalik Agorrosin eta zapatuetan, domeketan eta jai egunetan 09:00etatik 14:00etara eta 16:0etatik 21:00etara.

Ordenagailuz kontrolatuko dute kontsumoa

Energia aurrezteko, hegoaldera begira egin dute eraikina eta sabaia egurrezkoa da. Horrez gain, 18 eguzki xafla fototermiko jarri dituzte eraikinaren goiko aldean igerilekuek behar duten ura berotzeko. Eraikinak zenbat eta noiz kontsumitzen duten datuak ordenagailu batek jasoko ditu.

Zabaleran bi metro eta hamar kale ditu igerileku handiak

Igerileku handiak 25 metro ditu luzeran eta 21 zabaleran. Hamar kale ditu guztira eta zabaletara nahiz luzetara antolatu daitezke. Sakonerari buruz, berriz, gehiengo sakonera 1,60 metro da eta gutxienekoa 1,20 metro. Putzu handiak ia 1.000 metro kubiko ur hartzen ditu eta 26 gradutan egongo da ura. Txikia, berriz, 33 gradutan egongo da eta jaioberriei igeri egiten erakusteko prestatuta daukate. Igerileku txikiak 19 metro ditu luzeran eta 7 zabaleran, 90 metro koadro guztira.

Igerileku barruan ez dago baldosarik eta inguruan eta aldageletan dagoena berezia da; baldosa zimurtsuak jarri dituzte eta erabiltzailea erosoago ibiliko da, ez dira labainkorra eta. Horiek erabiltzen Euskadiko lehen eraikina da Agorrosin.

Behatz marka erakutsita sartu ahal izango da barrura

Agorrosinera sartzeko ez da txartelik erabiliko, behatza baizik. Argazki bat eta behatz marka aterako dizkiote erabiltzaileari Agorrosinera doan lehen egunean. Hortik aurrera, erabiltzaileak behatza besterik ez du erakutsi behar izango barrura sartzeko. Bestetik, igerilekuen gunean, gimnasioan nahiz ekintza anitzetako gela bakoitzean musika mota ezberdina jar dezakeen soinu ekipo berezia ere badago.

Auto finantziazioaren politika hasiko dira aplikatzen 2007an

Datorren urtetik aurrera auto finantziazioaren politika aplikatzen hasiko dira eta horrek izango du zerikusia hurrengo urteko tarifa erabakitzeko orduan. Eraikinaren ezaugarri kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko dituzte kontuan tarifa jartzeko eta hor sartzen dira zapatuan zabalduko dituzten zerbitzuak eta datozen hilabete eta urtetan egingo dituztenak. Beraz, 2007tik aurrera kobratuko duten kopuruaren zati bat izango da ordaintzeko bainuetxea (ur txorrota terapeutikoak, jakuzzia, saunak) kanpoko eremu berdea (berdegunea, aldagelak, bainugelak), belar artifizialeko futbol zelaia, fitness aretoa eta kanpo zelaiak, adibidez.

SMS bidez abisatuko dute ikastaroa egongo den edo ez

Batzuetan gertatzen da, edozein arrazoi dela medio, ezin dela ikastarorik eman egun jakin batean. Bada horrelakorik gertatzen denean, SMS bidez abisatuko diote ikasleari egun horretan eskolarik ez dagoela. Horretarako, komeni da izenemate orrian segapotoaren zenbakia ere jartzea.

Momentu honetan 1.500 herritarrek dute kirol txartela; horietako milak txartel mankomunatua dute eta gainerako 500ek Bergarako kirol txartela. Agorrosin ekintza gunea zabaldu ostean, ordea, erabiltzaileak bikoiztu egingo dituztela uste dute. "Uste dut 3.000 bazkide izatera iritsiko garela", dio Unai Asurmendi kirol teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak