Datozen urteetan ez da kanpoko igerilekurik egongo Bergaran

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko eka. 7a, 18:17

Urtarriletik aurrera balnearioa ere egongo da igerilekuan eta udan baita berdegunea ere. Barruko igerilekuak altzairuzkoak dira, baldosarik gabeak eta handiak hamar kale ditu.

Datozen urteetan, behintzat, ez da kanpoko igerilekurik egongo Bergaran. "Kanpoko igerilekuen proiektua eginda dago baina ez dakigu noiz jarriko ditugun. Diru asko behar da horretarako eta orain, behintzat, nahikoa dugu beste guztia gauzatzen: barruko bi igerilekuak,gimnasioak, ludoteka eta taberna irailean inauguratuko ditugu, balnearioa datorren urtean eta futbol zelaien egokitzapena hurrengo fasean", azaldu du Balentin Egidazu kirol zinegotziak. "Momentuz ez da igerilekurik egongo kanpoan, baina bai eguzkia hartzeko berdegunea, dutxak eta barruko igerilekura sartzeko bi pasabide eroso ere", jarraitu du Egidazuk.

Sauna eta jacuzzia

Kanpoko igerilekuak ez, baina balnearioa izango dute Bergarako Agorrosin igerilekuek urtarriletik aurrera. Igerileku handiaren ondoan egongo da eta gimnasioak eta igerilekuak erabiltzeko atera behar den txartel berdinarekin erabili ahal izango dute. Unai Asurmendi kirol teknikariak azaldu bezala, "balnearioak bi zati nagusi izango ditu. Alde batean urik behar ez duten zerbitzuak egongo dira: sauna beroa, sauna hotza edo frigidariuma eta ur lehorra. Beste aldean, berriz, ura erabiltzen duten zerbitzuak egongo dira: lau dutxa mota, barizendako onak diren ur txorroak botatzen dituen pasabidea, bi jacuzzi eta hidromasajeak". Igerilekuen erabiltzaile guztiendako egongo da zabalik balnearioa eta instalazioek duten ordutegi bera izango du.

Tarifak, zehazteke

Une honetan mankomunitateko txartelarekin sartu daiteke Bergarako igerilekura eta kirol zinegotziak esan bezala berdin gertatuko da irailaren 16tik abendura bitartean ere, igerilekuak eta gimnasioak zabaltzen dituztenetik aurrera, alegia. Datorren urteko tarifak, ordea, guztiz zehazteke daude oraindik "baina pixka bat igoko dute, seguruenez", aurreratu du Balentin Egidazuk.

Udalak kudeatuko ditu

Igerilekuen kudeaketaz, berriz, udala arduratuko da hemendik aurrera ere. Berak kudeatuko ditu begiraleak ez beste langile guztiak; begiraleak azpi kontratatutako enpresa bateko langileak izango dira, orain arte bezala. Instalazioetan, guztira 15-20 bat langile egongo direla kalkulatu dute adituek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak