Lur azpiko edukiontziak jarriko dituzte zaborra jasotzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko api. 28a, 10:59
Komenio kalean jarriko dituzte lehenengoak. Etxe berriak egingo dituzten guneetan ere jarriko dituzte eta alde zaharrean ikusteko dago.

Zaborra jasotzeko lur azpiko edukiontziak jarriko dituzte. Komenio kalean jarriko dituzte lehenengoak. Sei guztira: zabor organikoa jasotzeko hiru, beira jasotzeko bat, papera eta kartoia birziklatzeko beste bat eta edukiontzi arinak jasotzeko azkena. Komenio kalearen barrenean jarriko dituzte, gaur egun edukiontziak dauden toki berean.

Baina Komenio kalean ez ezik, herriko beste gune batzuetan ere jarriko dituzte lur azpiko zabor edukiontziak. Victoriano Gallastegi alkateak esan digun moduan, "alde zaharrean oraindik erabakitzeke dugu non gehiago jarri, baina etxebizitza berriak egiten dituzten gunetan jarriko dituzte, adibidez, Ibargarai kalean, Ertzaintzaren parean egiten ari diren etxe bloke berrietan".

Asteleheneko osoko bilkuran onartu zuen udalak lur azpiko edukiontziak jartzea Komenio kalean. Bergara Aurrerak gogora arazi zion udal batzarrari eurak sartu zutela gai hori hirigintzan esanaz kaleko obrak egitearekin batera aztertu beharko zela lur azpiko edukiontzien arazoa.Komenio kalean jarriko dituzten edukiontzi berrien lanek 30.807 euroko aurrekontua dute. Datozen hilabeteetan buruko dituzte lanak.

Mankomunitatearekin batera

Lur azpiko edukiontziak jartzea Debagoieneko Mankomunitateak eta Udalak batera egindako akordio bat da. "Akordio horren arabera, Mankomunitateak ordaintzen du edukiontzien kudeaketa, hau da, banaketaz, instalazioaz eta mantenuaz arduratzen da. Udalak, obra zibilak egiten ditu", esan digu Mikel Jaio Mankomunitateko Ingurumen teknikariak. Duela bi urte sinatu zuten akordioa. Udal bakoitzak erabakitzen du noiz eta non jarri lur azpiko edukiontziak. Eskoriatzan eta Arrasaten, jarri dituzte.

Lau metro kubikoko ontziak

Zabor organikoa jasotzeko lur azpiko edukiontziek lau metro kubikoko edukiera dute; zabor zehatzarenak, berriz, hiru metro kubiko pasatxoko edukiera. Batutako zabor organikoa Beasaingo Sasieta zabor biltegira eramango dute, orain arte bezala; beira, beirazko botilak egiten dituen Laudioko enpresa batera; papera eta kartoia Arrasateko enpresa batera sailkatzeko eta paper-fabrika batera gero; eduki arinak, berriz, Legazpira, hango enpresa baten sailkatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak