Taldeek euskaraz egiteko plana abiarazi dute

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mar. 30a, 12:25
Ume eta gazteekin ekintzak antolatzen dituzten taldeei zuzenduta dago egitasmoa. Lau esparru nagusitan egingo dute lana talde horiek euskararekiko konpromisoa hartzeko: aisian, kulturan, erlijioan eta kirolean

Ume eta gazteendako eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen dituzten talde, elkarte eta entitateek euskararen erabilpena bultzatzeko egitasmoari ekin dio Udalak. Datuen arabera, 30 urtez azpiko bergararren %93ak ondo daki euskaraz eta lortu gura dute euskara bizitzako esparru guztietan erabil dezatela. Lau esparru nagusitan egingo dute lana talde horiek euskararekiko konpromisoak har ditzaten: aisian, kulturan, kirolean eta erlijioan.

Herriko elkarteek euskaraz egitea eta euskaraz funtzionatzea da egitasmo horren helburua. "Bi galdera hauek egin ditzake talde bakoitzak ikusteko euskarekiko duen konpromisoa zenbaterainokoa den: ea taldeak kontuan hartzen duen euskara antolatzen dituen ekitaldietan eta ea talde barruko funtzionamendurako zein puntutaraino erabiltzen duen euskara", azaldu du prentsa aurrean Mireia Larrañaga orkestako kideak.

Emunen aholkuekin

Egitasmo hau egiteko, EMUN enpresaren aholkularitza kontratatu du Udalak. Egitasmoa lortzeko plana diseinatzeko, datuak batuko ditu EMUNeko teknikari batek; aztertuko du euskararen egoera eta erabilpena aisia, kultura, kirola eta erlijioa lantzen duten taldeetan. Teknikariak talde horiek bisitatuko ditu datu horiek lortzeko. Behin hori eginda, hiru urterako plangintza bat diseinatuko du adostasuna lortuz: arlo guztiendako berdinak izango diren ekintzen artean, arlo bakoitzarendako izango direnen artean eta eta lagun bakoitzarendako izango direnen artean.

Udala eta lokatza, adibidez

Victoriano Gallastegi alkateak onartu duen moduan, "duela 20 urte Udaleko lan jarduna erabat espainolez egiten zuten, gaur egun, ordea, euskaraz egiten ditugu idatzi gehienak". Lokatza txirrindularitza taldeak ere Euskararen Hitzarmena sinatu zuen 1991n. "Argi genuen gu euskaldunak garela eta euskaraz egin behar dugula", dio Pello Garitanok.

Udalak 2003an onartu zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Horren barruan, herrian euskararen erabileran eragin nabarmena duten 14 esparru hartu zituzten kontuan. Orain, ume eta gazteen taldeegana joan gura dute konpromisoak lortzeko, baina lan hau ez da hutsetik hasiko. 1991n, Euskararen Hitzarmena sinatu zuten herriko 49 entitatek eta akordio hori izango da egitasmo horren oinarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak