‘Kaleko hezitzaileak’ programa abian jarri du Udalak

EduMendibil 2005ko aza. 11a, 17:05
Udaleko Ongizate Zerbitzuak 11-17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako Kaleko hezitzaileak programa jarri du abian. Debagoienean esperientzia aitzindaria da Bergaran martxan jarritakoa. Familia edo eskola nekez heltzen diren esparrutara heltzea da programaren helburuetako bat.

Kaleko hezitzaileak edo Ingurune Irekiko Programa izenarekin ezagutzen da esperientzia hau. Esan bezala, Debagoienean martxan jarri dute lehen aldiz, Bergaran. Gipuzkoan, berriz, 15 bat herritan garatzen ari da, tartean Eibarren, Zarautzen, Irunen edo Donostiako hainbat auzotan.

Helburuak

Helburu nagusietako bat zera da: familia edo eskola nekez heltzen diren esparrutara heltzea. Gazteen beharrak detektatzea eta kultur edo kirol jardueratan euren inplikazioa lortu nahi dute programaren bultzatzaileek.

Jon Lopez Ongizate Zerbitzuko teknikariak zera adierazi digu: "Nerabeek aisialdian egiten dutena aztertu nahi dugu, beraiengana hurbildu, euren errealitatea ezagutzeko, aisialdi alternatibak bultzatzeko eta beharrezkoa denean prebentzio lana egiteko ere bai".

Bi hezitzaile lanean

Donostiako Kalexka elkartea arduratuko da programa aurrera eramateaz. Gorka Manjon eta Nerea Orena ari dira 11-17 urte bitarteko nerabeekin lanean. Gizarte Hezitzaile tituludunak dira biak eta aste barruan izango dira Bergaran. Batez ere arratsalde partean arituko dira gazteekin. Zenbait asteburutan ere etorriko dira eurekin elkartzera.

Esan bezala, kaleko hezitzaile lanak egingo dituzte Nerea Orenak eta Gorka Manjonek. Era berean, arreta berezia jarriko dute arazo espezifikoak detektatu eta horien jarraipena egiterakoan: eskolan egokitu ezina, eskola porrota, gizarteratzeko prozesu ez-egokiak, kontsumoak...

Kalea heziketa leku bilakatu nahi dute, gazte eta nerabeen arazoak entzun eta jasoz. Gatazka eta zailtasun konkretuei konponbide emateko bitartekari lanak egingo dituzte. Hain zuzen ere, nerabeekiko lanean eskumena duten beste erakunde, entitate eta instituzioekin lankidetza bultzatzea da helburuetako bat. Kaleko hezitzaileak programa, momentuz, datozen hiru urteotan eramango dute aurrera Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak