Enpresetan euskara planak martxan jartzera animatzeko ate irekien ekitaldia

Usoa Agirre 2005ko urr. 27a, 12:33
Urriaren 19an, Bergarako Udalak ate irekien ekitaldia antolatu zuen Geyser-Gastech enpresan. Ekitaldi hori udalerriko enpresak euskara planak martxan jartzeko sustapen eta komunikazio proiektuaren baitan egin zuten.

Geyser-Gastecheko euskara planaren inguruko informazioa

Geyser-Gastecheko euskara planaren inguruko informazioa

Goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00ak artera iraun zuen bisitak; enpresaren nondik norakoen inguruko bideo bat ikusi zuten eta laneko segurtasunari buruzko azalpen batzuen ostean, Geyser-Gastecheko euskara planari buruzko hainbat datu esanguratsu eman zituzten eta galde erantzunetarako ere tarterik izan zen.

Bukatzeko, bertatik bertara ikusi ahal izan zuten bisitariek euskara plan bat martxan duen enpresa baten euskararen presentzia zela nabarmentzen den.

Ondoko hauek parte hartu zuten ekitaldian:

  • Aroa Agirrezabal (Lazpiur)

  • Asier Arrieta (Lazpiur)
  • Ainhoa Esteban (Aceralia)
  • Jose Aguayo (ESK)
  • Juan Jose Azkarate (ESK)
  • Ruperto Alberdi (ELA)
  • Jose Luis Loidi (LAB)
  • Estepan Plazaola (Bergarako Udaleko Euskara zerbitzuburua)
  • Eli Payros (Bergarako Udaleko Euskara teknikaria)
  • Iñigo Iñurritegi (Bergarako Udaleko Euskara batzordeburua)

Adierazpen aipagarrienak

Hemen dituzue hizlariek egin zituzten adierazpen aipagarrienak:

  • Koldo Guridi (Geyser-eko Pertsonalburua eta Euskara Planaren koordinatzailea): "Horrelako plan bat aurrera eramateko kanpo laguntza behar-beharrezkoa da. Pausuak poliki-poliki ematen badira ere, lorpenak begi bistakoak dira. Epe ertainean horrelako plan bat martxan jartzea inbertsioa da, enpresarentzat onuragarria".
  • Esti Llodio (Emun Koop. E.ko Euskara teknikaria Geyseren): "Plan hauek arrakasta izango badute, ezinbestekoa da langileen partehartzea eta arduren banaketa eta poliki-poliki enpresak bere gain hartzea plan hauek, bertako plan estrategikoetan txertatuz, hizkuntza politika garatuz, hizkuntza irizpideak adostuz..."
  • Eli Payros (Bergarako Udaleko Euskara teknikaria): "Bergaran euskara plana martxan jartzea animatzen diren enpresek plana garatzeko dirulaguntza izango dute".
  • Joxpi Irastortza (Emun. Koop. E.ko Euskara teknikaria): "Euskararentzat lan mundua mugarria, giltzarria da, esparru estrategikoa da. Bestalde euskarak enpresari izugarrizko aukerak eskaintzen dizkio; gizartean hobeto txertatzeko aukera, belaunaldi berrietako langileei egokitzeko aukera, langile eta bezeroen gogobetetze aukera eta enpresaren zerbitzuari balioerantsia eta kalitatea".

Ondorio orokorrak

Partehartzaileei oso interesgarria iruditu zitzaizkien aurkeztutakoak eta bertatik bertara euskara planaren bidez Geyserren ikusitako aurrerapena. Dena den plan hauek beste enpresetara zabaltzeko enpresetan sustapen lana egitea ezinbestekoa dela esan zuten; enpresek planak abian jartzea erabakiko badute argudio egokiak ematea ezinbestekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak