Jakiak, kantak, jaiotzak eta euria Bergarako San Antonio auzoan egindako Nafar Ferian

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko abe. 20a, 10:10
Zapatu goizean izan zen feria eta, horrekin batera, jaiotza lehiaketa ere egin zuten. Euria gelditu ez, baina ez zuen feria iluntzerik lortu.

Zapatuan, Nafar Feria izan zen Bergarako San Antonio auzoan. Auzoko elkarte batek antolatu zuen, Gure Ametsa elkarte gastronomiko-kulturalak, hain justu ere. Hainbat urte daramatza feria hori antolatzen, Gabon atarian beti, eta helburu du, besteak beste, Nafarroako artisau produktuak gure artean zabaltzea.

Feria, tokiz aldatuta

10:30ean zabaldu zuten feria, tokiz aldatuta gainera. San Antonioko zubiaren luzeran jarri zituzten postuak. Izan ere, orain arte jartzen zuten orubean etxebizitzak eraikitzen hasi dira. Hamar postu zeuden, eta hainbat jaki, guztiak Nafarroakoak eta artisau-erara egindakoak: pateak, hainbat hestebete mota, gozoak, Erronkariko hainbat gazta mota (Ekia gaztak) eta Alfontso XII.ak edaten zuen Basondoa xanpaina, besteak beste.

Eguraldiak pixka bat apaldu zuen jai giroa; etengabe egin zuen euria eta eguerdira arte ez zen jende gehiegi ibili. Baina 11:30eko mezaren ondoren, jendea animatzen hasi zen eta Alai-Taldea abesbatzak egin zuen emanaldian jende nahikotxo batu zen. Hainbat Gabon kanta abestu zituzten eta, emanaldia bukatzeko, Gure Ametsa elkarte gastronomiko-kulturalaren ereserkia. Birritan abestu behar izan zuten, gainera, entzuleek hala eskatuta. Ereserkia abestu aurretik, baina, opari banaketa ere izan zen: Xabier Oregi Panti bergararrari oroigarria oparitu zion Gure Ametsa elkarteak, ereserkiaren hitzak egin zituelako. Garai bateko Urretxindorrak musika talde ezagunak ere grabatutako kantua da ereserki hori.

Jaiotzen lehiaketa

Azoka eta kantuen gaien, III. Serafin Esnaola Jaiotza lehiaketa ere egin zuten San Antonio auzoan. Zortzi jaiotza aurkeztu ziren lehiaketara, eta hiru sari banatu zituzten antolatzaileek: 12 urte artekoen sailean, San Martin eskolako A taldeak jaso zuen saria; gazteen sailean, Arantxak eta Mirenek osatutako bikoteak, eta nagusiagoen atalean, Lopez anai-arrebek.

Feria eguna amaitzeko, bazkaria egin zuten 30 lagunek Gure Ametsa elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak