Monzon: sasoi bateko Azkoitiko jauntxoak legez, ilustratu bikaina

Marijo Deogracias 2004ko aza. 22a, 10:11
Monzon literato-antzerkigile-artikulugile-musikaria gogoratu zuten joan zen egubakoitzean, mendeurreneko azkeneko ekitaldian.

Olaso dorrean egin zuten Telesforo Monzonen jaiotze egunaren mendeurrena gogoratzeko azkeneko ekitaldia. Hara batu ginen guztiok adi-adi jarraitu genituen sasoi baten Monzon ezagutzeko aukera izan zutenen oroitzapenak. Politikaria, bai, baina horrez gain, literatoa, musikaria, artikulugilea, antzerkigilea, aktorea… Arte guztietan jardun zuen Monzonek, eta bere alderdi horiek ezagutu zituztenek bikain egin zuten berba bere gainean. Ekitaldian Bergarako musika bandako kideek ere parte hartu zuten; Itziarren semea ere entzun genuen.

Pierres Xarritonek 25 urte zituela ezagutu zuen Telesforo Monzon, Biarritzeko biltzarrean. Harrezkero 25 urte luzez izan zuen hartu-emana berarekin. “Iheslari artean entzun izan nuen oratoria handiz; gerra galdu zutenek ohorea salbatu zutela esaten zen sasoian eta gazteek, medioak axola izan barik, soilik helburuak lortu nahi zituzten sasoian, garrantzitsuena gizonaren errespetua zela esan zuen Monzonek”.

Xarritonek aitortu zuenez, “orduko gazteongan eragin handia izan zuen eta Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteak batzen lagundu zuen”. Euskal ikasleen udako biltzarra bost urtez egin zutela gogoratu zuen, “gerora Udako Unibertsitatea sortu da, baina gurea EHUren prehistoria izan zen”. Azpimarratu zuenez, “baserritarrekin ere egoten zen Monzon, baita bertsolari eta antzerkigileekin ere. Erakutsi zigun antzerkia idazten eta antzezten bazekiela”. Xarriton AEBra joan eta bueltan Monzon politikan sartuta zegoela eta, hartu-eman gutxiago izan zutela esan zuen eta “biziki hunkituta bera hil zelarik, hemen egin zitzaion hileta sui generis-a dut gogoan. MªJosefa bere alarguna zena etorri zitzaidan, bezperan, nire aurreko ofizioa gogoan-edo, hiletarako kantak eta otoitzak aukeratzera. Hori ez du ahazten”, azaldu zuen Xarritonek.

Egia gezurren gainetik

Juan Ignacio de Uriak zutik ekin zion Monzon gogoratzeari. Xarritonek legez, hunkiturik egin zuen berba. “Gizon ilustratua, lehengo Azkoitiko jauntxoak moduan, abertzale ospetsu” handienetakotzat jo zuen. “Errazegi ere egin izan da berba berari buruz; abertzaletasunaren bideari ekin ziola espainiarrek jaramon egin ez ziotelako, baina hori gezur handia da; Euskal gobernuko kide izan zen, Agirre lehendakariaren ondoan, eta alderdikide betiko. Askatasun handiarekin jokatu zuen, jende askok bere jokamoldea ulertu ez zuen arren. Abertzale sakon eta trebea eta ilustratu bikaina izan zen”, esan zuen Uriak Monzonen berba batzuekin amaitu aurretik: “zer gauza gure herri latz eta sail honetan; denok batera gauzak hobeto egin izango genituzkeen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak