Zuzendariak gustura: Bidekurutzeta eta plaza jendez bete zituzten zapatuan

Eneida Iturbe 2004ko ira. 6a, 18:19
Herriko jaiak zirela zirudien zapatuan Bergaran; banderatxoz atonduta eta jendez gainezka zeuden Bidekurutzeta eta San Martin plaza ‘Aupa, Etxebeste!’ filma errodatzeko

Banderatxoak kaleetan, kalejira musika eta erraldoiekin, txosna... Zapatuan Bergarara hurbildutako edonork jaiak zirela pentsa zezakeen. Baina ez dituzte, ez, San Martinak aurreratu; hori guztia Aupa, Etxebeste! film luzea grabatzeko egin zuten muntaia zen. Zuzendariek gelditzeko agintzen zutenean, kalejira eten egiten zen, klaketa hotsak berriz hasteko seinalea eman arte.

Zapatua Aupa, Etxebeste! lanaren filmaketako egun garrantzitsuenetakoa izan zen. Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek 400 lagun bildu nahi zituzten Bergarako plazan, eta bete zuten helburu hori. “Espero baino jende gehiago etorri zen; momentu batean Bidekurutzeta dena beteta eta plaza erdia ere beteta zeuden”, esan digu Asier Altunak. Donostiatik, Eibartik, Arrasatetik eta Aretxabaletatik hainbat lagun etorri ziren Bergarara multzoa ahalik eta handiena izateko, baina bildutako gehienak bergararrak ziren.

Sekulako jai giroa

Filmaketa izan arren, ezer ez zen kartoizkoa. Udal Musika Banda goiz osoan San Martin martxa jo eta jo ibili zen. Bidekurutzeta jendez beteta zegoen, eta musikariak igarotzean, serpentinak bota eta txalo egiten zuten guztiek. Zuzendariek kamerara ez begiratzeko eskatzen zieten, “horrek plano on bat zapuztu dezake eta”. Gainera, benetako txosna jarri zuten. Pintxoak eta edaria eman zituzten, debalde. Jai giroa ere ez zen gezurretakoa izan. Jendeak benetan gozatu zuen, eta askok herriko jaietan baino giro hobea zegoela zioten.

Deialdia 09:00etarako egina zuten, eta hasieratik jende asko hurbildu zen filmaketara. Baina eguerdi partean elkartu zen lagun gehien. Bandak 14:30ak arte jardun zuen Bidekurutzetan gora eta behera. Musikari, mazolari eta erraldoiek bero pasatu zuten, eta bukaerarako neke aurpegiak ikusten ziren. Arratsaldean filmaketak jarraitu zuen, baina jende gutxiagoren beharra izan zuten orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak